ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk osatutako euskal gehiengo sindikalak Sortu ezker abertzaleko alderdi politiko berria legeztatzeko eskatu du. Izan ere, "Sortu legeztatzea herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia da", esan dute gaur Bilbon, prentsaurrekoan. "Hori baino areago, besterik gabe eskubide eta betebehar demokratiko bat da, adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektore horrekiko".
Espainiako Alderdien Legea indargabetzeko exijitu dute berriro, "lege hori salbuespen estatu bati dagokiolako eta zuzenbide estatu demokratiko batean ez daukalako tokirik". Gainera, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruren arabera, "maniobra politikoak" daude Espainiako Estatuan Sortu ez legeztatzeko. "Berdin da hark legea betetzea ala ez".
"Egoera antidemokratikoa" dagoela iritzi dio euskal gehiengo sindikalak, eta "bideratze aldera" ezker abertzalea legeztatu beharra dagoela.
Agerraldian izan dira, besteak beste, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABekoa.
PSE-EE: "Sortu benetan ari da bakearen alde"
Sorturen apustuaren aldeko hitzak izan ditu gaur ere PSE-EEk. Atzo Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen ETA eta Sortu bereizi egin behar direla, eta horregatik ez direla lotu behar ETAren desagertzea eta Sorturen erregistroa. Gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea mintzatu da: "Sortu benetan ari da bakerako bidea egiten".
Ezker abertzaleko alderdiak lehengo astean ateratako oharra "garrantzitsua" dela esan du Pastorrek, Radio Euskadin, "nora joan nahi duen zantzu positiboa da". Haren arabera, "ezker abertzalean gogoeta garrantzitsua egiten ari dira, ez taktikoa, baizik eta estrategikoa demokraziarako bidea egiteko", eta Sortu bide hori ari da egiten. Dena dela, ezker abertzaleko guztiak ez daude horretan, PSE-EEko bozeramaileak uste duenez.
Justizia ministroak dio Sortu ez dela ETA, baina hari jazartzen segituko dute
"Nabarmena da Sortu ez dela ETA", esan du gaur Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak, "bestela, haren kide denak kartzelan egongo ziren", baina "indarkeria gaitzesten" ez duten ezker abertzaleko kideei "jazartzen" segituko dutela hitz eman du. Marcelino Iglesias PSOEko antolakuntza idazkariak esan du Sortuk maiatzaren 22az haratago erakutsi beharko duela biolentzia eta terrorismoa irmo errefusatzen dituela. Patxi Lopezek esandakoez galdetuta, Iglesiasek adierazi du alderdiaren iritzia Lopezek duena dela.
PPren haserrea
Jaurlaritzari eusten dioten alderdien arteko ika-mika piztu du atzo Patxi Lopezek Sorturi buruz Público egunkarian esandakoak. Lehendakariak adierazi zuen ETA eta Sortu bereizi egin behar direla eta horregatik ez direla lotu behar ETAren desagertzea eta Sorturen erregistroa. Gainera, ezker abertzalean ez duela ETAk agintzen esan zuen.
Adierazpen horiek PPren haserrea eragin dute, eta Esteban Gonzalez Pons komunikazio idazkariordeak lehendakariari babesa kentzeko eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari. Gainera, ETAren aurka bi politika ote dituen argitzeko eskatu diote: "Rubalcabarena eta Patxi Lopezena".
Patxi Lopezek atzoko elkarrizketan esandako batzuk
"Lehen aldia da ezker abertzaleak kale borroka ekintzak edo balizko atentatuak modu irekian errefusatu dituela, eta lehen aldia da taktika hori elektorala ez dela esaten dutena, baizik eta hausnarketa baten ondorio dela eta bakeak ez duela prezio politikorik".
"Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Auzitegi Gorenari eramandako informazioan oinarri erlatiboa duten gauzak ikusi ditut. Sorturen estatutuen aurkezpenean lehenago Batasunan egon zen norbait egoteak ez du zertan ezer esan nahi. Hain zuzen, benetan garrantzitsuena dena da eurak direla iraganarekin hausten dutenak".
"Sorturen estatutuak eztabaidaezinak dira, eta erakusten dute mundu hori bide onean doala demokraziarantz, eta lehen aldiz badirudi ezker abertzalea dela erabakiak hartzen ari dena; iniziatiba hartu du, eta ez dio ETAk inposatzen".