ESPAINIAKO ARMADAREN MANIOBRAK

Euskal gizarteak erakutsi dion «maitasuna» eskertu du Armadak

Maniobren aurkako erreakzio gehiago izan dira, tartean Durangoko Udalarena eta Eudimarena

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
DONOSTIA
2003ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak Espainiako Lurreko Armadaren esker ona adierazi nahi dio euskal gizarteari, erakutsitako maitasun eta ulergarritasunagatik, bai eta aste honetan Paraxutista Brigadak infanteria Arineko 5. Brigadako unitateekin batera EAEn, Gaztela-Leonen eta Errioxan egin duen instrukzio ariketan jaso duten laguntzagatik». Prentsa ohar bidez igorri zuen atzo bere mezua Gobernu Ordezkaritzak. «Azaroaren 3a eta 7a bitartean egin diren ariketak orografia konplexuko eskualdeetan aginte maila guztien ekimena bultzatzea izan dute helburu», dio jarraian ohar horrek, ariketak iraun bitartean «tiro trebaketak» ez direla egin nabarmenduz. «Ingurumena eta jabego pribatua zorrotz errespetatu dira, eta zonaldeko jardueretan ez eragiten saiatu dira, azken 20 urte hauetan ohikoa izan den moduan».

Kontrako iritzia agertu zuten atzo ere, aurreko egunetan beste batzuek bezalaxe, hainbat erakunde eta agintarik. Durangoko Udalak (Bizkaia) «beldurra eta alarma soziala» eragitea leporatu zien militarrei, maniobren abisurik ez dutela eman gaineratuz. Asteazkenetik «herriguneko parte handi batean» eta «eskola batetik gertu» aritu direla erantsi zuen Udalak. Horregatik guztiagatik «kexarik indartsuena» helaraziko omen dio Espainiako Defentsa Ministerioari.Eudima Euskal Udal Intsumisoen Mankomunitateak ere gaitzetsi egin zituen maniobrak, «herritarren kezka eta beldurra» besterik ez dela eragiten nabarmenduz eta eguneroko bizitza «guztiz trakesten dutela» gaineratuz. Azken egunotan «militarren setioa» jaso duten herriak berrogei inguru izan direla jakinarazi zuen Eudimak: «Militarren presentzia jasan duten herri guztiekin kontaktuan jartzen hasiak gara neurriak har ditzaten berriz ere modu honetako gertaerak errepika ez daitezen».EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintzaren ustez, bestetik, Espainiako Armadaren egunotako maniobrek «hemen nork agintzen duen erakusten dute», eta «abisu garbia» dira: «Erabat arbuiatzen dugu Espainiako okupazio indarrak hemen egotea, haien Konstituzioarekin bere garaian egin genuen bezala».Sozialista Abertzaleetako Jon Salaberriak, berriz, legez besteko proposamena aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean, osoko bilkurak maniobrok «erabat» gaitzetsi eta Armada, Guardia Zibila eta gainontzeko indar militarrak «hemendik alde egitea» ezinbestekotzat jo dezan.

Zaplana, lehengoari eutsiz

Azken egunotan hamaika alkatek eta herritarrek ezeztatu duten bertsioari eusten jarraitu zuen atzo Espainiako Gobernuak. «Maniobren data eta mamia maiatzean erabaki zen eta ordutik jakinarazi zaie EAEko arduradunei», esan zuen Eduardo Zaplana bozeramaileak. Azken 20 urteetan EAEn «maniobra berak» egiten ari direla gaineratu zuen: «Erabat ohikoak dira».

Marques de las Amarillas Guardia Zibilen Elkarteak ere egoeraren bere azalpena eman du: «Indar Armatuek askatasuna kenduko lioketela esanez herritarrak zabar mehatxatzen dituzten agintari politikoak dira alarma soziala eragiten dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.