Euskarazko hedabideen ekinbidea

Euskal hedabideek behatoki bat sortzea proposatu dute

Euskarazko 48 hedabidek dokumentu bat egin dute, sektorearen egoera zaila eta etorkizunera begira dituen erronkak azaltzekoHausnarketarako mahai bateratu bat abian jartzea proposatu diete erakunde publikoei

BERRIA Taldeko Joanmari Larrarte, Topaguneko Jasone Mendizabal eta Argia-ko Xabier Letona, atzoko agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Krisiari aurre egiteko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko indarrak metatzen jarraitzen dute euskarazko herri ekimeneko hedabideek. Agiri bateratu bat aurkeztu dute, sektorearen diagnosiaren berri emateko eta etorkizuneko erronkak zehazteko. Bost puntutan laburbildu dituzteerronka horiek. Lehentasunen artean dituzte hauek: euskarazko hedabideek behatoki bat sortzea; diru laguntzak hitzarmen bidez jasotzea; sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea; ikerketan, kalitatean eta lehiakortasunean urratsak egitea; eta euren arteko elkarlana sustatzea. Erakunde publikoei, gainera, dei egin diete gogoeta mahai bateratu bat osatzera. «Bada garaia erronka horiei sendotasunez heltzeko, beste molde eta bide batzuk jorratuz, irudimena landuz, gogotik arituz eta, batez ere, elkarlanean arituz», adierazi du Topaguneko buru Jasone Mendizabalek, dokumentua sinatu duten 48 hedabideen izenean.

Atzo aurkeztu zuten dokumentua, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Oraingoz, 48 hedabidek babestu dute. Baina atxikimenduak jasotzen jarraitzeko asmoa dute. Agiria azken urtebetean egindako hausnarketa prozesuaren emaitza da, eta etorkizunean ere horretan jarraituko dute. «Gaur aurkeztutako dokumentua bide luze baten hasiera baino ez da, abiapuntua da. Modu antolatuan lan egiteko lehen harria jarri dugu».

Etorkizunera begirako erronkak bost esparrutan banatu dituzte. Sinatzaileei funtsezkoa iruditzen zaie negozio ereduaren aldaketari aurre egitea eta sektoreko langileen baldintzak hobetzea. «Horretarako, inbertsio handiak egin behar dira».

Produktuen kalitatean eta kudeaketan zer hobetua badela ere aitortu dute. «Atzean ez geratzeko eta bezeroek merezi duten zerbitzua jasotzeko, asko sakondu behar da salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan».

Hedabideen behatoki bat sortzea. Hori da etorkizunera begira aipatu duten beste zeregin edo erronketako bat. Behatoki horrek gogoeta eta ikerketa izango ditu ardatz. Euskarazko hedabideak zertan diren aztertzea eta atzerriko esperientziak gertutik jarraitzea izango da haren lana, besteak beste. Eredu berriei gertutik jarraituz.

Hainbat kasutan elkarren lehiakide direla aitortu arren, elkarlanean ere aritu beharra nabarmendu dute. «Bai gure artean, bai instituzioekin. Garai zailei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre». Hala, aldi berean lehiakortasuna eta elkarlana sustatzearen alde egiten dute.

Erakunde publikoen diru laguntzen eredua aldatzearen alde ere egin dute. Ezinbestekoa ikusten dute hori. Laguntzak hitzarmen bidez jaso nahi dituzte: «Sektorearen inbertsioak eta garapena sustatu behar dituzte erakunde publikoek».

Urtebeteko lana

Euskarazko hedabideek duela urtebete eman zuten elkarlanerako eta hausnarketarako lehen pausoa. Editorial bateratu bat aurkeztu zuten. Otsailaren 1ean izan zen. Idatzian salatu zuten erakunde publikoen babesa ez zela nahikoa, «hutsala» zela. Horrenbestez, sektorearen aldeko «apustu sendoa» egiteko eskatu zieten administrazioei. «Bankuen, autoen, altzarien eta etxeko tresna elektrikoen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa eskatzen dugu. Euskarazko komunikazioak merezi du tamainako apustua, eta euskal kulturak ere bai», zioen testuak. 61 hedabidek sinatu zuten editoriala.

Handik bi astera, agerraldi bat egin zuten. Editorialean esandakoa gogorarazi, eta diru laguntzen nahiz publizitate instituzionalen kudeaketa eredua aldatzeko eskatu zuten. «Egonkorragoak izan behar dute». Beste agerraldi batean zehaztu zituzten eskariak: batetik, aurtengo aurrekontuetan diru laguntzak %25 igotzea, eta, bestetik, publizitate instituzionalaren %25 euskarazko hedabideei ematea.

Hori, ordea, ez da bete. Igo beharrean, Eusko Jaurlaritzak %11 murriztu du euskarazko hedabideentzako diru laguntza, eta Nafarroako Gobernuak ez die eman euro bakar bat ere.

Publizitatea ere behera doa urtetik urtera. «Ohituta gaude krisian bizitzera, eta ondo baino hobeto dakigu halako egoeretan lan egiten». Baina egungo egoera «benetan da kezkagarria», Mendizabalen esanetan: diru laguntzak eta publizitatea jaisteaz gain, informazio eta komunikazio teknologien hedapenak salmentetan eragin die komunikabideei. «Negozio ereduan aldaketa sakona izan da horren ondorioz».

Horri aurre egiteko asmoz, dokumentuan sektorearen diagnostikoa ere egin dute. Euskarazko hedabideek gizarteari egiten dioten ekarpena ekarri du gogora Mendizabalek. «Bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, baita euskal hiztunen komunitatearen barruan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik ere agerikoa da gure funtzio soziala».Hala, sinatzaileek beharrezkoa ikusten dute euskarak hedabide sare indartsu bat izatea. «Hiztun komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra, eta euskarazko hedabideak zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez».

Sektoreak duen «pisu ekonomikoa» ere aldarrikatu dute, eta hori kontuan hartzeko eskatu diete erakunde publikoei. Ehundik gora hedabidetan 600 langile baino gehiago ari dira beharrean. Urtean 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute Gizarte Segurantzaren eta zergen bidez.

Euskarazko hedabideen agerraldiari buruzko informazioa ikusgai:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.