Hekimenek egin duen azken azterketaren arabera, sekoreko hedabideen Interneteko audientzia haziz doa etengabe. Azken bi urteotan %60 igo da jarduna, eta udako osteko lehen datuen erakusten dute "audientziak gora egingo duela hurrengo hilabeteetan ere bai".
Hekimen elkarteak martxan jarri duen Hekimen Analytics proiektuak bildu ditu datuak, euskal hedabideen sareko jarduna ezagutzeko eta aztertzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren diru laguntzei esker egin du azterketa Hekimenek, CodeSyntax enpresarekin.
46 webguneren emaitzak aztertu dituzte, orokorrak, tokikoak eta tematikoak. Orokorrak dira bisita gehien (%53,7) biltzen dituzten hedabideak. Hekimenek nabarmendu du gero eta gehiago direla tokikoen bidez iristen diren bisitak, 2011. urtean bisiten %25 inguru zirelako eta egun, berriz, %42.
2015ko maiatzean datu oso onak
Joan den maiatzean inoizko kopuru altuena lortu zuten euskarazko webguneek: 1.810.000 bisitatik gora. "Berdin esan daiteke erabiltzaile kopuruari dagokionez —alegia, zenbat erabiltzaile ezberdin sartu ziren webguneetan— eta orriei dagokienez ere —bisita batean bisitatzen diren orri kopuruak—: lau milioitik gora". Erabiltzaile berriak ere inoizko altuena izan zen joan den maiatzean.
Azterketaren arabera, Hekimeneko webguneetan gero eta denbora gehiago ematen dute erabiltzaileek, baina bisiten batez besteko iraupena jaisten ari da: "2011. urtean 6 minutu inguruko bisitak egiten zituzten kontsumitzaileek, eta 2015eko lehen seihilekoan 4 minutu ingurukoak izan dira, batez beste".