Zehazki, Hekimenek —herri ekimeneko euskarazko hedabideen bilgunea da— euskal hedabideen sektoreaz 2015eko urrian egindako azterketa aurkeztu du Alberto Barandiaranek Eusko Legebiltzarrean.
Hekimen elkarteko komunikabideek batzar nagusia egin zuten joan den ostiralean, Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). 2015eko memoria eta 2016ko plana onartu zituzten. Urte baterako baino gehiagorako diru laguntza deialdia egingo du Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen arloan. Sektorearen urteetako eskaria izan da. Neurri hori "ona" izango dela adierazi du elkarteak, baina ez dago ados planteamenduarekin. Halaxe oroitarazi du Alberto Barandiaranek Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Batetik, diru kopuruagatik: azken urteetako diru kopuru berbera jarriko dute 2019ra arte —2012ko kopuru bera; %11ko murrizketa egin zuten orduan—. Bestetik, "irismenaren" irizpideari aparteko garrantzia eman zaiola ohartarazi du, eta aintzat hartu behar direla beste hainbat ere: "Kalitatea, estrategikotasuna, berrikuntza...".
"Elkarlanerako jarrera" izan duela adierazi du hedabideen elkarteko ordezkariak, eta halaxe jarraitu nahi dutela.