«Hedabideetan euskara sustatzeko diru sailak izoztera jo dute administrazioek, aurrekontu orokorrak igo badira ere». Hekimen euskal hedabideen elkarteak atzo plazaratutako mezua da, datuetan oinarritua; euskal hedabideak, krisiaren zurrunbiloan, lehen baino bazterrago geratu direla erakusten duten zifrak bai baitira. Ugari. Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako aurrekontuak aztertu ditu Hekimenek, eta kezkatuta aurkeztu du emaitza. Iragarria. «Behin eta berriro esaten ari gara 2008tik hona beheranzko joera etengabea gertatzen ari dela aurrekontu publikoetan; euskara sustatzeko politikekiko orokorrean, eta hedabideekiko zehazki».
Hekimenek salatzen duenaren adibide argia dira Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren erabakiak. Gero eta zuhurragoak. Laguntzak igoerarik gabe daude 2012tik, ia milioi bat —%15— urritu ondoren. Eta urri segitzen du emariak. Aurtengorako aurreikusitako inbertsioa —4,8 milioikoa— Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko inoizko baxuena da. Ezin da ahaztu, gainera, irizpide berriak —irismena lehenetsi da beste ezeren gainetik, eta kaltea ekarri du horrek hedabide nazionalentzat— ezarri direla aurten diru laguntzak banatzeko, eta sektorearekin hitzartu gabe aritu dela administrazioa erabaki horiek hartzen.
Gainerako erakundeetara begira ere, kezkatzeko moduko zifrak. Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, 450.000 euro emango dizkie euskarazko hedabideei, 2012ko ia kopuru bera; 10.000 euro gehiago besterik ez dira. Gipuzkoako Foru Aldundia da 2012tik igoera bat egin duen erakunde bakarra —orduan baino %16 gehiago jasoko da aurten—, baina apaldu da hasierako bultzada: aurten, esaterako, iazko diru kopuru bera emango zaie hedabideei. Araban «anekdotikoa» da laguntza —10.000 euro— eta Nafarroako Gobernuak egun ez du deialdirik ere egiten.