Ipar Euskal Herriak bi eta hiru diputatu bitartean ukanen ditu. Alabaina, hiru hauteskunde barrutitan zatitzen da eremua. Horietatik bat, laugarrena, Biarnoko zati batek, Zuberoak eta Baxenabarreko zati batek osatzen dute. Orain arteko diputatua, Jean Lassalle, Biarnokoa da. Eta hautatuko duten berria ere hala izanen da, hiru alderdi nagusietako hautagaiak Biarnokoak baitira, hala nola Jean Lassalle UDF-MoDem-ekoa, Herve Lucbereilh UMPkoa eta Jean-Pierre Domecq PSkoa. Aurreko aldietan ez bezala, Frantxoa Maitia garaztarra ez da aurkeztuko PSren izenean. PSren barne bozak galdu zituen.
Euskal Herriko hautesleek orotara 37 hautagaien artean hautatu ahal izanen dute. Hamabi aurkeztuko dira bosgarrenean, beste hainbeste seigarrenean eta hamahiru laugarrenean. Hamazazpi hautagai emazteak dira. Bosgarreneko erdiak, seigarreneko zazpi eta laugarreneko lau.
Lehia nagusia hiru talde handiren artekoa izanen da. Alde batetik daude Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari berriaren alderdikoak, hala nola UMPkoak. Bestetik, Euskal Herrian emaitza oso ona lortu zuen François Bayrouren alderdikoak daude (UDF-Mugimendu Demokrata). Hirugarrenik, ez da gutxiestekoa Alderdi Sozialistaren indarra, presidentzialetan emaitza ona lortu baitzuen Lapurdin eta Zuberoan.
GRENET-EN AULKIA. Bosgarren hauteskunde barrutia izanen da, aurten ere, lehia estuena ukanen duena. Jean Grenet (UMP) orain arteko diputatuak aulkia galtzeko arrisku handia ukan dezake. Azpimarratzekoa da Segolene Royal Frantziako lehendakaritzarako hautagai sozialistak emaitza oso ona lortu zuela Baionan, eta duela hiru urte izan ziren kantonamendu hauteskundeetan PSk Baionako hiru kantonamenduetan irabazi zuela. Jean Espilondo lehendik ere diputatu izana da, eta aulkia berreskuratzeko indarrez ikusten du bere burua.
Ez da garbi laugarrenean ere zer gertatuko den. Jean Lassalle orain arteko diputatuak aitortu du partida zaila izanen duela. UMP alderdiko hautagaia UDFtik hurbil dagoen Beñat Intxauzperekin batera aurkezten da, eta aspaldi hasia du kanpaina, herriz herri. Lassalle Jacky Coumet Hazparneko auzapezarekin (UMP) aurkezten da, baina Intxauzpe hazpandarrak gaitzeko zafraldia eman zion Coumeti duela hiru urteko hauteskunde kantonaletan. Intxauzpe euskaltzale gisa agertzen den Hazparneko kontseilari nagusi gaztea da. Orain, Nicolas Sarkozyren alde agertu da.
Lehia gutxi espero da, aldiz, seigarren hauteskunde barrutian (Lapurdi hegoaldea). Michele Alliot-Mariek %49ko emaitza lortu zuen duela bost urte, lehen itzulian bertan. Nahiz eta jakin, Frantzian UMP nagusituz gero, ministro izaten jarraituko duela, hautesleek babes zabala erakutsiko diotela espero da. Frantziako Barne ministro izendatu berria izateak ohoreak handitu baizik ez dizkio eginen, tokiko populazioaren artean. Horrek zailduko du, berriz ere, hauteskunde barruti horretan kanpaina bizia antolatzea.
Abertzaleentzat erronka txikia bada ere, beren zinezko indarraren neurgailu aproposa izanen da. Aspaldiko partez, batera aurkeztuko dira abertzaleak, Euskal Herria Bai koalizioaren barne. Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuna elkarrekin aurkeztuko dira. Hastapeneko elkarrizketetan EAJ ere koalizioaren barnean baldin bazen ere, iazko abenduaren 30ean ETAk Barajasen egin zuen atentatuaren ondotik, koaliziotik erretiratu zen. Nahiz eta ondotik ere lau alderdiek hitz egiten jarraitu zuten, EAJ ez zen berriz itzuli.
Hala ere, EAJk ez du hautagairik aurkeztuko hauteskunde hauetara eta, beraz, hautagai abertzale bakarra izanen da hauteskunde barruti bakoitzean.
EAJk UDF-MoDem alderdi zentristaren aldeko botoa eskatu du. Azken egunetan bi alderdiek elkarrizketak ukan zituzten, baina ez dute hautagaitza batu baterako akordiorik lortu. EAJk hiru puntu proposatu zizkion alderdi horri, hala nola euskararen ingurukoa, Ipar Euskal Herriaren ezagupenari buruzkoa eta «mugaz gaindiko» harremanei buruzkoa. Hautagai zentristek puntu horiekin bat egin dutela erranez, EAJk horien alde bozkatzeko eskatu du. Haatik, laugarren hauteskunde barrutiko hautagai zentrista ez du sostengatzen, hiru puntu horiekin ez duela bat egiten erranez.
EZKERRA ZATITURIK. Abertzaleek bezalako batasunik ez du lortu ezker antiliberalak. Presidentzialetarako hauteskundeetan bezala, alderdi bakoitza bere hautagaiarekin joanen da. LO alderdi troskistak hiru hauteskunde barrutietan ukanen ditu hautagaiak. LCR laugarrenean eta bosgarrenean izanen da. Berdeak hiru hauteskunde barrutietan aurkeztuko dira. PCF laugarrenean eta bosgarrenean. Seigarrenean, aldiz, LCR eta PCF ez dira aurkeztuko. Baina kolektibo antiliberalaren hautagai bat izanen da. Hauteskunde barruti horretan bakarrik lortu dute Jose Bovek ordezkatzen zuen ezker altermundialista, LCR eta PCF biltzea. Bosgarrenean, PCF eta kolektibo altermundialista batera aurkeztuko dira, hautagaia eta ordezkoa alderdi komunistakoak badira ere.
Alderdi ezezagunetako hautagai franko eta independente andana bat ere aurkeztuko da. Horietariko bat La France en Action alderdi berria da. Hau ere, hiru barrutietan aurkeztuko da. Europako hauteskundeetan aurkeztu zen. Bere burua ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketatik eta muturreko alderdietatik kanpo kokatzen du, eta ekologismotik hurbil.
CPNT ehiztarien alderdiak hautagai bakarra aurkeztuko du, bosgarrenean. Debout La Republique izeneko eskuineko alderdiak ere bosgarrenean ukanen du hautagaia.
Alderdi nagusien ondoan hainbeste txiki izanik, gai eta proposamen anitz agertuko da datozen egunetan. Azpiegiturek toki handia ukanen dute kanpaina horretan, besteak beste Baxenabarreko autobide proiektuak, A63aren zabaltzea eta AHTrako trenbide berriak. Etxebizitzaren eta garapen ekonomikoaren arazoa ere denen ahotan ibiliko da.
orain arteko diputatuak
Jean Lassalle
4. hauteskunde barrutiko diputatua
Loudios-Ichere (Biarno) herri txikiko auzapez eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariordea da. 52 urte ditu. François Bayrou-ren UDF-MoDem alderdiaren izenean aurkeztuko da. Duela bost urte lortu zuen diputatu kargua, Michel Intxauzpe erretiratu ondoan. Lassalleren izena ezagun egin zen Frantzian, legebiltzarreko aretoan kantuz hasi zelako behin, eta 40 eguneko gose greba egin zuelako beste behin, bere eskualdean enpresa baten ixtearen aurka. Diputatu gisa, arazo ekonomikoetako batzordeko kide da, eta 22 ikerketa taldetako kide. Mendiari buruzko ikerketa taldeko lehendakariordea da. Tadjikistanen lagun taldeko lehendakariorde ere bada.
Jean Grenet
5. hauteskunde barrutiko diputatua
Baionako auzapeza da. 67 urte ditu. UMP alderdiaren izenean aurkeztuko da berriz ere, Alderdi Erradikaleko kide gisa. 1993an bihurtu zen diputatu, Alain Lamassoureren ordezko gisa aurkeztu, eta Lamassoure ministro izendatu zutenean. 1997an Lamassourek eta Grenetek hauteskundeak galdu zituzten Nicole Peryren eta Jean Espilondoren aurka. Grenet hautagai gisa aurkeztu zen 2002an, eta orduan diputatu kargua berreskuratu zuen. Kanpo Arazoetako Batzordeko kidea da. Zortzi ikerketa taldetan parte hartzen du, eta zezenketen ikerketa taldeko lehendakaria da. Legebiltzarrean bost urteko agintaldian galdera gutxienetarik egin duen diputatua da. Hala nola 59.
Daniel Poulou
6. hauteskunde barrutiko diputatua
Michele Alliot-Marieren anbizioari esker lortu du azken bost urteetan diputatu izatea. Beti Alliot-Marieren ordezko gisa aurkeztu da. 63 urteko miarriztarra Urruñako auzapez zenean egin zen ezagun. Gaur egun kontseilari nagusia da. 1993an bihurtu zen diputatu, Alliot-Marie ministro izendatu zutenean. 1995ean kargua utzi zuen, gobernu aldaketa baten ondorioz Alliot-Mariek ministro kargua galdu zuenean. Seigarren hauteskunde barrutian hauteskunde partzialak egin ziren, eta Alliot-Mariek diputatu kargua berreskuratu zuen. Poulou 2002an itzuli zen Frantziako legebiltzarrera. Kanpo Arazoetako Batzordeko eta hamar ikerketa taldetako kide da. Espainiaren lagun taldeko idazkaria da.
hautagaiak
4. hauteskunde barrutiaUMP. Herve Lucbereilh
PEC. Thierry Richard
LCR. Jean Haira
France en action. Jean-Marie Puyau
Berdeak. Jenofa Cuisset
EH Bai. Leonie Agergarai
PCF. Louis Labadot
PS. Jean-Pierre Domecq
FN. Helene Barbace
LO. Berthe Ratsimba
UDF-MoDem. Jean Lassalle
Ind. Bernard Sicre
Ind. Jean.ClaudeLaborde
5. hauteskunde barrutia
UMP. Jean Grenet
France en action. Gildas Blandin
EH Bai. Migel Torre
LCR. Martine Mailfert
Berdeak. Martine Bisauta
FN. Chantal Renou
PCF. Marie-Jose Espiaube
PS. Jean Espilondo
LO. Daniele Hubert
CPNT. Guy Eneco
Debout la Republique. Pascal Lasellier
UDF-MoDem. Marie-Helene Chabaud
6. hauteskunde barrutia
EH Bai. Beñat Elizondo
France en action. Jacqueline Desouter
Ind. Christine Labrousse
FN. Henri Chevrat
Antiliberalak. Pierre Batby
Ind. Michel Aguilera
PS. Sylviane Alaux
UMP. Michele Alliot-Marie
Ind.
LO. Michele Noubilos
UDF-Modem. Roland Machenaud
Berdeak. Marie Felices