Idoia Ibero, Pedro Albite, Joxe Antonio Mintegi eta Inaxio Agirre AuBko kideek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ezker abertzaleak lortu dituen emaitzak "sekulakoak" izan direla adierazi dute. "Ezker abertzaleak emaitza onak lortu ditu, 120.000 bozka lortu ditu, eta ilegalizazioa, apartheida, EITBren bazterketa, eztabaidetan parte hartzea ukatzea, gure ekitaldiak oztopatu dituztela kontuan hartuta, emaitzak sekulakoa izan dira", adierazi Inaxio Agirrek.
Hauteskunde horietan "alderdikeria eta arduragabekeria politikoa nagusitu" direla azpimarratu du, eta "ezker abertzalea iniziatiba politikoarekin jarraitzeko prest" dagoela gaineratu du. Hori dela eta, datorren astelehenean hasita, "apartheid politikoa" salatzeko elkarretaratzeak egingo dituztela esan du, 'Euskal Herria aitortu, errespetatu' goiburupean. "Dinamika mobilizatzaile honen helburu nagusia ezker abertzalearen oinarri soziala eragitea eta aktibatzea da", azpimarratu du Agirrek.
Apirilaren 3ko manifestazioarekin bat egin dute
Bergarako Ekimenaren sustatzaileek apirilaren 3rako Bilbon deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute AuBko kideek. "Autodeterminazioaren aldeko indarrak biltzea ezinbestekoa dela ikusten dugu", nabarmendu dute, "ezker abertzaleak iniziatiba politikoa hartu eta sendotasunez joka dezan".
Aralarren eskaintzarekin pozik
Aralarrek koalizioa osatuz Europako hauteskundeetara elkarrekin joateko egindako eskaintza "pozgarria" dela nabarmendu dute, eta "autodeterminazioaren aldeko ekimen guztiak bultzatuko" dituztela azpimarratu. "Poztu egiten gara gogoratzen baldin badugu Bergarako Ekimenak ez zuela balio izan Espainiako hauteskundeetarako, eta orain Europarako balio duelako", gaineratu dute.
Politika
'Euskal Herria aitortu, errespetatu' goiburupean mobilizazioak deituko ditu AuBk hamabostero
AuB Autodeterminazioaren bilguneko kideek 'Euskal Herria aitortu, errespetatu' goiburupean mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute gaur, "ezker abertzaleak bizi duen apartheid politikoa salatu eta ezker abertzalearen oinarri soziala eragiteko". Halaber, Bergarako Ekimenaren bultzatzaileek apirilaren 3rako Bilbon deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Aralarrek koalizioa osatuz Europako hauteskundeetara elkarrekin joateko egindako eskaintza "pozgarria" dela nabarmendu dute, eta "autodeterminazioaren aldeko ekimen guztiak bultzatuko" dituztela azpimarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu