Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

Euskal Herriak bide berria hasi duela adierazi du Mintegik

Hiru parlamentaritik bi abertzaleak izango direla kontua hartuta, «herri gisa pentsatzen hasteko» deia egin du EH BildukAurreikuspenak bete dira, eta bigarren indarra da EH Bildu, 21 eserlekurekin

Euskal Herriak bide berria hasi duela adierazi du Mintegik.
gotzon hermosilla
Bilbo
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bart bide berria hasi zuen Euskal Herriak, «herri libre eta justua» izatera eramango duen bidea. Horixe da behintzat Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren lehendakarigaiak uste duena, hauteskundeen emaitzak ikusita. Izan ere, aurreikuspenak bete dira, eta indartsu sartuko da EH Bildu Eusko Legebiltzarrean: bigarren indar politikoa izango da, 21 diputaturekin.

Koalizioaren emaitzak «bikainak» izan direla adierazi du Mintegik: «Aldaketa agindu genuen, politika egiteko beste modu bat agindu genuen, eta herritarrek mezua ulertu dute».

Baina EH Bilduren emaitzetatik harago, beste gogoeta bat egin nahi izan du Mintegik, eta hauteskunde hauetatik aterako den legebiltzar berrian hiru parlamentaritik bi abertzaleak izango direla gogoratu zuen: «Bada garaia herri gisa pentsatzen hasteko, eta Madriletik datozen erasoei herri gisa erantzuteko, herri bat garelako, nazio bat garelako», gaineratu du. EAJri zuzendutako mezua zirudien, baina Mintegik zehaztu du herri gisa jarduteko gonbita «alderdi politiko guztiei» egiten diela.

Hotzetik berora

Botoa emateko epea agortu denean hasi da jendea iristen Bilboko La Casilla pabilioira, EH Bilduk hauteskundeen emaitzen berri jakiteko. 20:00etan, jende gutxi zegoen Bilboko kiroldegian; goiztiarrenak Joseba Permach, Joseba Alvarez, Rufi Etxeberria eta ezker abertzalearen zenbait kide ezagun izan dira. Iritsi direnean, kazetari eta argazkilari guztiek haiengana jo dute.

Ordurako, lehenengo zundaketen emaitzak ezagunak ziren. Datu onak ematen zituzten EH Bildurentzat, azkenean izan dituenak baino hobeak; horregatik, zuhur jokatzea erabaki dute koalizioaren kideek. Lehenengo agerraldian, Maribi Ugarteburu Bizkaiko hautagaiak adierazi du ez zutela zundaketen inguruko baloraziorik egingo, baina «sentsazio onak» zituztela eta «zer ospatu» egongo zela.

Apurka-apurka,jende gehiago hurbildu da La Casillara. Han zeuden ezker abertzalearen kide historikoak, Tasio Erkizia eta Periko Solabarria, Amaiurreko parlamentari Onintza Enbeita, Niko Moreno Elorrioko alkate ohia eta abar. Jone Goirizelaia eta Txelui Moreno batera sartu dira La Casillara, azken horrek, abokatu bizkaitarrari adarra jo nahian, EH Bilduk «Athleticek baino emaitza hobeak» izan zituela esaten ziola. Koalizioaren jarraitzaileak ere apurka-apurka hasi ziren La Casilla betetzen, horietako batzuek ikurrinak, Kataluniako senyera-k eta txanpain botilak eramaten zituztela.

Nahiko lasai zegoen giroa erabat aldatu zen Laura Mintegi eta bere zerrendakideak agertu zirenaean. Orduan hasi ziren independentziaren aldeko oihuak eta «Ari, ari, Laura lehendakari» adierazten zutenak. Mintegik, bere hitzaldian, eskerrak eman zizkien La Casillan bildutakoei eta EH Bildutren kanpainan parte hartu zuten guztiei: «Garaipen hau zuena da» esan zien. Baina, era berean, «Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban abian jarritako aldaketa» azken bururaino eraman behar dela ohartarazi zien: «Bidea ez da erraza izango, lan handia egin beharko da, baina gu ohituta gaude lana gogor egiten».

Presoak ere hartu zituen gogoan Mintegik: «Zuen indarrarekin, presoak ekarriko ditugu», esan zien La Casillan bildutakoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.