35/02 SUMARIOA

"Euskal Herriak epaitu behar ditu gure ideiak"

Amaitu da 'herriko tabernen' auziko epaiketa, eta Floren Aoiz auzipetuak hartu du azken hitza. Hodei Iruretagoiena kazetariak egin du zuzeneko kontakizuna.

Auzipetuak Madrilen. ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2014ko martxoaren 12a
07:12
Entzun

Aurreikuspenen arabera, hamabi urtetik gora iraun duen auziaren azken kapitulua idatzita gelditu da. Bost hilabete pasatxo dira epaiketa hasi zela, eta, auzipetuei azken hitza eman ondoren, epaiaren zain geratu da. Floren Aoizek hartu du azken hitza, auzipetuen izenean: "Euskal Herria da gure ideiak epaitu behar dituena, eta Euskal Herriak hitz egin du".

Erabakitzeko eskubidearekin eta gatazkaren ondorioenkonponbidearekin konprometitzera deitu dute auzipetuek Espainia: "Gure herriaren askatasuna eskatzen dugu, ideia politikoengatik inor gehiago jazarria izan ez dadin". Halaber, salatu du "estatuaren inmobilismoa goratzeko esparru" bihurtu dela epaiketa, "ziurrenik auzitegietan irabazteko esparru politikoan galdu duena".

Lehenago, defentsako abokatuek hartu dute hitza: "Fiskalak onartu du ez dela frogatu ETAren finantzaketa, eta autofinantzaketa egotzi digu. Baina hori delitu da?". Perituen objektibitate falta salatu du defentsak: "Ez dute egia esan. Egin duten bakarra errudun jotzeko elemetuak bilatzea izan da".

Defentsako abokatuek adierazi dute literatura baino ez dagoela herriko tabernak bahitzeko eskaeraren atzean. Literatura eta "kidetasun ideologikoagatik zigortzeko interes politikoa". Hala salatu zuten 35/02 auziko zati ekonomikoaren defentsa egin zuten abokatuek. Izan ere, fiskalak eta herri akusazioek bahitzeko eskatu duten jabetza horiek delitu baterako tresna direla frogatu behar da aurrena, eta, haien esanetan, ez dago halakorik.

Instrukzio fasean eta akusazio txostenean ETA finantzatzeko tresna zirela argudiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta hark aitortu zuen gero, ahozko epaiketan, hori ez dela hala. Horixe ekarri zuen gogora atzoko saioan Joseba Belaustegi abokatuak: "Defentsako abokaturik onena fiskaltza izan da: esan du ez dagoela ETAren finantzaketarik. Bada, nahikoa da. Goazen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.