ANALISIA

Euskal Herriak UEMA behar du, bizirik

Pastor
2005eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Espainiarren %100ek ingelesez primeran egingo balute eta Espainiako etorkin guztiak ere hizkuntza horretan moldatuko balira, baina espainieraz ez edo ozta-ozta, Administrazioak ez luke ingelesa bultzatuko guztien eskubideak errespetatzeko. Agian, etorkinek kasuan kasuko laguntzak izango lituzkete informazioa haien hizkuntzan jasotzeko, baina Administrazioak espainiera baizik ez luke erabiliko. Etorkinak integratzeko modurik onena horixe dela argudiatuko luke, gainera. Eta espainiarrek ez lukete UEMA bezalako erakunde bat sortu beharko haien hizkuntzaren erabilera bermatzeko.

Hemengo egoera diferentea da baina. Euskal Herriko lege guztiak deusezta ditzakete Espainia edo Frantziako lege gorenek. Horregatik, herritarrek eta tokian tokiko erakundeek ahaleginak egin behar dituzte euskara erabilera sinbolikotik haratago bultzatu eta Administrazioaren hizkuntza bihurtzeko. Ausardia eta borondate politikoa funtsezkoak dira inposatutako legeei aurre egiteko.UEMA euskararen erabilera sustatzeko sortu zen. Izan ere, udalak dira herritarrek hurbilen dituzten erakunde publikoak; udalek onartzen dituzte kolektibitate horren eguneroko bizimoduari dagozkion arauak; udalek erantzun behar diete zuzenean herritar horien arazo eta kezka nagusiei. Denbora pasatu da UEMA jaio zenetik. Egun ez dira euskaltzale gutxi oraingo elkarteak lehengoarekin zerikusi handirik ez duela diotenak. Ez da ezker abertzaleko kidea izan behar 90eko urteetako UEMA eta oraingoa ez direla berdinak ikusteko. Datu objektiboak daude esateko elkarteak garai hobeak bizi izan dituela, eta euskara zerbitzu bihurtzeko arriskuan dagoela. Alde handia baitago «bakarrik» euskaraz funtzionatzetik euskaraz funtzionatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.