Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu dituzte koronabirusak hildakoen eta kutsatutakoen inguruko datuak. Pandemia Euskal Herrira iritsi zenetik, gaurkoa izan da hildako gehien baieztatu diren eguna: atzotik 33 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez.
Gainera, lehen aldiz, Araba ez da kasu baieztatu gehien dituen herrialdea. Bizkaiak gainditu du; gaur 172 gaixo berri aurkitu dituzte han, eta 1.032 positibo erregistratu dira guztira. Araban 97 dira kasu berriak, 1.009 guztira. Nafarroan, berriz, 886 dira kasu baieztatuak (92 berri atzotik), eta 380 Gipuzkoan, horietako 55 gaur aurkitutakoak.
Ipar Euskal Herriko datuak zailak dira lortzen, Frantziako osasun sistemak eskualde administratiboen araberako datuak ematen baititu. Gaur jakinarazi dute Baionako zahar etxe batean hiru kasu berri baieztatu dituztela, eta, lehendik Baionako ospitalean artatutako zazpi pertsonei gehituta, gutxienez 10 dira baieztatutako kasuak Lapurdin. Gainera, Pauko ospitalean (Okzitania) zuberotar bat dago gaixorik —beste bat hil egin zen han—.
Eguneko albiste ona, berriz, sendatutako gaixoen kopurua handitu egin dela. Guztira, 301 lagun sendatu dira Hego Euskal Herrian, eta horietako 240, gaur baieztatu dituzte. Ia guztiak, 283, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernuak, bestalde, sendatutako 18 pertsona aipatu ditu.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaixoen %30 baino gehiago ospitaleratuta daude, eta Jaurlaritza hotelak eta egoitzak egokitzen ari da gaixoak jasotzeko. Bizkaian 541 pertsona daude ospitaleratuta, Nafarroan 339, Araban 328 eta Gipuzkoan 136. Hego Euskal Herrian, denera, 132 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitatean.
Probei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi du koronabirusa atzemateko 7.047 proba egin dituztela orain arte, horietako 800 atzo.