Euskara

Euskal Herrian 863.000 euskaldun daudela dio Jaurlaritzak, orain arteko gehien

Azken 25 urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaldunen batez bestekoa %22tik %37,5era igo dela nabarmendu du Miren Azkarate Kultura sailburuak. IV. Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu dute, 2006ko Inkesta Soziolinguistikoan oinarrituta.

2009ko apirilaren 24a
14:24
Entzun
Eusko Jaurlaritzak egindako IV. Mapa Soziolinguistikoaren azterketaren arabera, gaur egun Euskal Herrian 863.840 euskaldun daude, inoizko gehien, Miren Azkarate Jaurlaritzako jarduneko Kultura sailburuak gaur esan duenez. 863.840 lagun haietatik 755.640 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizilagunak direla jakinarazi du.

1981etik 2006ra artean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanlerian euskaldunen batez bestekoa %22tik %37,5ra igo dela azpimarratu du Jaurlaritzak; "325.000 euskaldun gehiago daude, ehun mila etorkin iritsi diren arren eta 12.470 lagun gutxiago bizi garen arren". Beste %17,3 "euskaldun pasiboak" dira eta %45,2k gaztelera baizik ez dakite. Herrialdeka, Gipuzkoan %53,3 dira euskara dakitenak, Bizkaian %31,3 eta Araban %25.

Hiru herrialdeotan 15 urtetik beherako lagunen artetik %75k badakite euskara -1981ean %20k zekiten-.

Ondorioz, egoera "ona" dela iritzi dio Azkaratek eta, Jaurlaritzaren arabera, hemendik 25 urtera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 55 urtez azpiko biztanleen artetik %75-85 euskaldunak izango dira.

Aurrera begirako erronkatzat jo ditu familian euskararen erabilera handitzea dira -ez baita igo azken urteetan-, euskara erabiltzeko aukerak ugaritzea, euskara ez dakitenak "seduzitzea"...

Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak jakinarazi du IV. Inkesta Soziolinguistikoan oinarri direla datuok ematean -2006an egin zuten aipatutako inkesta-. IV. Mapa Soziolinguistikoa bera gaur aurkeztu dute, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.