EMA Sendagaien Europako Agentziak baieztatu du AstraZenecaren txertoa eraginkorra dela. Emer Cooke EMAko zuzendariak adierazi du txerto hori «segurua eta eraginkorra» dela, eta bere onurak «askoz gehiago» direla kalteak baino. Cookek azaldu du eskura dituzten datu guztiak aztertu dituztela eta ondorio «argia» atera dutela: txertoa segurua dela, alegia.
«Ez da ziurtatu txertoak tronboak areagotzen dituenik. Hala ere, ziurgabetasunean gaude oraindik; kasu arraro batzuk aztertu ditugu, baina ez dugu ondorioztatu kasu horiek txertoak eragin dituenik: aztertzen jarraituko dugu. COVID-19ak berak tronbosiak eragin ditzakeela kontuan hartuta, esan daiteke txertoak arrisku horiek gutxitzen dituela», adierazi du Cookek.
AstraZenecaren eraginkortasunaren eztabaidan bide bat zabaldu du EMAk. Izan ere, asteon Europako zenbait estatuk bertan behera utzi dute txerto horren azken sortaren txertaketa kanpaina, zenbait txertatuk izan dituzten tronbosiekin zerikusia izan dezakeelakoan. Euskal Herrian ere bertan behera gelditu da txertaketa, behin-behinean.
Espainiako Osasun Ministerioak datorren astetik aitzinera berriz txertatzeko proposamena luzatu du. Osasun Publikoko Batzordea bihar edo etzi batzartuko da, eta orduan hartuko dute behin betiko erabakia. Beraz, litekeena da datorren astetik aitzinera berriz ere AstraZencaren txertaketa abian izatea Hegoaldean. Iparraldean, berriz, baliteke bihartik aurrera hastea enpresa horren txertoa jartzen, Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi duenez.
EMAk bere erabakia jakinarazi orduko, AstraZenecaren txertaketa berriz ere abiatza erabaki dute hainbat gobernuk. Italian, erraterako, bihar bertan hasiko dira txerto horiek berriz ere ibiltzen.