Azpiegiturak. Bilboko hegoaldeko saihesbidea

Euskal Herrian eginiko autobiderik garestiena irekiko dute larunbatean

Lau egunez doan erabili ahal izango da, eta asteazkenean hasiko dira martxan Supersurren jarritako lau ordainlekuakEzarritako bidesariak kritikatu dituzte Hiru garraiolarien sindikatuak, PSEk eta Bilduk

Ibilgailuak larunbatean hasiko dira igarotzen Bilboko hegoaldeko saihesbidetik. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRES.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Larunbatean 06:00etatik aurrera sartu ahal izango dira ibilgailuak Euskal Herrian inoiz eraiki den bide azpiegiturarik garestienean. 900 milioi euroko kostua izan du Bilboko hegoaldeko saihesbidearen lanen lehen faseak, hiriburuko Larraskitu auzoa eta Trapagaran lotzen dituen 17,8 kilometroko autobideak. Asteazkenera arte doan erabili ahal izango da errepidea, «bizkaitarrek ezagut dezaten eta sarbideetara ohi daitezen», Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo adierazi zuenez. Hilaren 14tik aurrera, berriz, 1,08 eurora arteko tarifak ordainduko dituzte ibilgailu arinek, eta 6,74 eurora artekoak astunek.

Ibilbide luzeko zirkulazioa hartzea du helburu Supersur deiturikoak —ofizialki AP-8 izendatu dute—, hau da, A-8an Bilboaldearen inguruan izaten diren auto pilaketak arintzea. Bizkaiko Aldundiko Herri Lan eta Garraio diputatu Itziar Garamendik emandako datuen arabera, egun A-8a erabiltzen duten 100.000 ibilgailuetako 23.700 hartuko ditu saihesbideak: 9.400 kamioi eta 14.300 auto. Baina Supersur ordaindu behar dela eta abiadura orduko 80 kilometrora mugatua duela kontuan hartuta, ikusteko dago aurreikuspenok betetzen diren.

Izan ere, kritika ugari jaso ditu proiektuak, 2005ean gauzatzen hasi zenetik, ekologisten aldetik batik bat; haiei, baina, garraiolariak gehitu zaizkie azken aldian, ordainsarien harira. Bilbaok eta Garamendik atzo eman zuten argitu gabeko kontuon berri, autobideak ukitzen dituen herrietako alkateek inguratuta. Hona hemen datu nagusiak:

1. Ibilbidea

Bilboko hegoaldeko Larraskitu eta Peñascal auzoetatik Trapagaraneraino doa Supersurraren enborra deritzona: 17,8 kilometro, hiru bide noranzko bakoitzean. Hiriburua mendiz inguratuta dagoenez, eraikitze lanek ingeniaritza lan handia eskatu dute. Hala, saihesbideak ez du lurrik ukitzen: bide osoa bost tuneletatik —hiru 2.000 metro baino luzeago dira— eta sei zubibidetatik —Trapagarangoa da altuena, 45 metrorekin— igarotzen da.

Enbor nagusia lau gunetan lotzen da inguruko errepideekin: Ortuella-Portugalete-Trapagaran (A-8arekin, besteak beste), Galindo (Ballontiko ardatzarekin), Kastrexana (Kadaguako korridorearekin) eta Larraskitu-Buia (A-8 eta AP-68 autobideekin, eta Bilboko Miraflores sarbidearekin, besteak beste).

2. Abiadura

Orduko 80 kilometrora mugatuta egongo da, hasieran behintzat, Supersurren dabiltzan ibilgailuenabiadura. 120ra hel zitekeela esan izan da obrek iraun duten lau urteotan, baina azkenean 80an uztea erabaki dute, Bizkaian tuneletarako muga hori ezarrita baitago foru arau bidez. Saihesbidearen ezaugarriek eta segurtasun neurriek azkarrago joateko aukera ematen dutela-eta, Garamendik esan du foru arau hori berrikusiko dutela, abiadura muga handitze aldera.

Gidariek hori betetzen duten egiaztatzeko radarrik egon den, ordea, ez du argitu diputatuak; erabakia Eusko Jaurlaritzari dagokiola baino ez du esan. Edonola ere, gidariei zein abiaduratan doazen adierazteko panelak jarri dituzte hainbat tokitan.

3. Ibilgailu astunak

Bilboko hegoaldeko saihesbidearen helburu nagusietako bati jarraiki, ibilgailu astunek eta salgai arriskutsuek ezingo dute A-8a erabili Bilbo inguruan: Kadaguako korridorearekiko lotunetik Larraskituko lotunera doan tartean eragingo du debekuak. Ibilgailu horiek saihesbidea har dezaten da asmoa, baina, legez doako beste aukera bat eskaini behar zaienez, Txorierriko korridorea ere hartu ahal izango dute. Hala ere, hiriburura sartu edo bertatik atera behar duten kamioiak salbuetsita egongo dira.

Zirkulazio astuna A-8tik ateratzearekin batera, beste zenbait helburu ditu neurriak: Bilboko Sabino Arana, Basurtu, Zorrotza eta Bentazarra auzoetan bizi direnen segurtasuna hobetzea, zarata murriztea eta garraio publikoaren joan-etorria erraztea.

Debekuak, ordea, garraiolarien kritika gogorrak eragin ditu. «Aldundiaren asmo bakarra dirua biltzea da, eta ez zirkulazioaren arazoa konpontzea», adierazi du Hiru sindikatuak. Garamendi diputatuaren ustez, baina, saihesbideak «aukera ona» eskaintzen die, «bidaien iraupena eta gasolina gastua murrizteari begira».

4. Bidesariak

«Bidesaririk gabe ezinezkoa litzateke hain obra handiari ekitea. Europak argi du gaitasun handiko errepideek ordaindu beharrekoak izan behar dutela». Hala argudiatu du Garamendik Supersurren bidesariak jarri izana. Azkenik, lau ordainleku egongo dira: Larraskitu, Kadagua, Trapagaran eta Gallarta. Ibilgailu motaren, ibilbidearen eta ordutegiaren arabera ezarri ditu tarifak aldundiak. Halere, 00:00etatik 06:00ak arte doan erabili ahalko da saihesbidea egunero.

Ibilgailu arinek 0,22 eta 1,08 euro artean ordaindu beharko dituzte; tarifa horiek ia erdira murriztuko dira larunbat eta jaiegunetan. Astunei dagokienez, bi tarifa mota ezarri dizkiete, ibilgailuaren ezaugarrien arabera. Larunbat eta jaiegunetako beherapenik ez duten arren, bestelako deskontuak eskatu ahalko dituztela iragarri du diputatuak.

Edonola ere, prezioen berri izatean, tarifak «gehiegizko eta bidegabe» jo ditu Hiru sindikatuak. Garraiolariekin bat etorri da Bildu, eta aldundiaren apustu bakarra errepideak «modu zentzugabean eraikitzea» izatea deitoratu du. PSE-EEk ere bidesari «sozial bat» eskatu du, eta saihesbidea irekitzean izandako atzerapena kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.