"Azken aste hauek berri eta gertakariz jositakoak izan dira. Berri eta gertakari horiek argi adierazten dute Euskal Herrian konponbide eta normalizazio politiko eta demokratikoko prozesu bat martxan dagoela". Hala esan du gaur ezker abertzaleak, azken egunetako balorazioa egitean, Donostian.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrera azpimarratu ditu ezker abertzaleak. Atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "presoen hurbiltze progresiboa" proposatu izana azpimarratu du, "nahikoa ez izan arren, norabide egokian emandako pausoa delako".
"Prozesua aurrera badoa, Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialok, nazioarteko komunitatearekin batera, harturiko konpromisoari esker da".
Baina, halaber, ezker abertzaleak ohartarazi du badirela oraindik "blokeo eta immobilismoaren lubakian dauden indarrak". PSOEri eta PPri "blokeo jarrera alboratu eta jarrera proaktibo eta eraikitzaile bat" har dezatela eskatu die.