Nazio Eztabaidagunea

Euskal Herriaren egoerari buruzko diagnostikoa osatzeko ekarpenak jaso dituzte Leioan, eta eragile sozialen "inplikazioa ezinbestekoa" dela nabarmendu dute

Nazio Eztabaidagunearen talde sustatzaileak aurkeztutako lau txostenak eztabaidatu dituzte gaur goizeko hamarretan hasita Leioako campusean (Bizkaia). Bilgune horren helburua Euskal Herriak nazio modura aurrerapusuak emateko oinarrizko zutabeak adostea da. Gaurko Ekarpen-Foroak 350 lagun bildu ditu; txosten bakoitzeko 20 lagun inguruk osatutako hiruzpalau talde osatu dituzte. Gaur jasotako ekarpen guztiak sintetizatu ondoren, abenduaren 20an egingo duten oso bilkuran Euskal Herriko egoerari buruzko diagnostikoa azaldu dute. Lan horretarako eragile sozialean "inplikazioa ezinbestekoa" dela nabarmendu dute.

2003ko azaroaren 29a
16:16
Entzun
Antton Izagirre Tolosako alkate ohiak, Martin Aranburu EAko parlamentarioak eta Maite Aristegi EHNE sindikatuko idazkari nagusi ohiak egin dute goizean eman duenaren laburpena komunikabideen aurrean. Hirurak Nazio Eztabaidaguneko talde eragileko kideak dira, eta batik bat, eragile sozialen "inplikazioa ezinbestekoa" dela nabarmendu dute.

Uztailean abian jarritako prozesuaren barruan beste urrats bat da gaurko eztabaida. Agiri bateratu bat onartuko dute Euskal Herriko egoerari buruzko oinarrizko agiria, abenduaren 20ko oso bilkurara eramateko. Gatazka gainditzeko oinarriak jartzea dute helburu Leioako Ekarpen-Foroan eta gizarte eragileei ere deia egin zaie prozesuan parte har dezaten. "Euskal Herriaren eraikuntzarako, Euskal Herriak bizirauteko zeintzuk diren lehentasunezko atalak dira jorratuko ditugunak. Bigarrena, gatazka politikoa gainditzeko zer ekimen jarri beharko liratekeen martxan eta horiek ere adostuak izan daitezen nahi dugu", esan du Antton Izagirrek.

350 lagun bildu dira gaur goizean Leioako campusean egiten ari den Ekarpen-Foroan. "Norberak dituen ideia politikoak alde batera utzi gabe, Euskal Herriaren egoerari buruzko diagnostiko bat egiteko ekarpenak jasotzea da gaurko batzarraren helburua", azpimarratu dute. Gaur jasotzen dituzte ekarpenekin ondorioak aterako dituztela esan dute, eta dokumentu bat osatuko dutela adierazi. "Abenduaren 20an osoko bilkura bat egingo dugu Euskal Herriari buruzko diagnostikoa onartzeko, eta dokumentu horri babesa emango dion talde kualifikatu bat osatu nahi dugu, izena duten pertsonekin", esan dute.

Hala ere, gaurko batzarrean hurbildu ez direnei ekarpenak egiteko aukera Nazio Eztabaidaguneko webgunean zabalik dutela gogorarazi diete Izagirre, Aranburu eta Aristegik.

Bestalde, orain arte alderdi politiko eta eragile sozialekin izandako bileretan harrera ona jaso dutela nabarmendu dute.

Apirilean beste saio bat

Abenduko osoko bilkuran diagnostikoa onartzen denean, apirilera begira jarriko dira Nazio Eztabaidaguneko talde eragileko kideak. "Apirilean gatazka politikoa gainditzeko proposamenak landuko ditugu, eta Euskal Herriak bizirauteko behar dituen lehentasunezko tresnak identifikatzen eta martxan jartzen ahaleginduko gara", nabarmendu dute.

Alec Reizen hitzaldia

Gonbidatu berezien artean, Alec Reiz apaiz irlandarra dago, eta Ipar Irlandan bizi duten bake prozesuaz eta Irlandako egoera politikoaz hitz egingo du. 12:45ean hastekoa zuen Reizek bere mintzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.