"Euskal lurraldeak babesteko eta kudeatzeko eskubidea" aldarrikatu dute Iñaki Egaña historialariak eta Iratxe Retolaza literatur kritikariak gaur arratsaldean Donostian, milaka lagunen aurrean, Euskal Herriaren eskubideen aldelelopean donostiar talde batek deituta egin den manifestazioaren amaiera ekitaldian.
Izan ere, egun duela 30 urteko egoera bera bizi dela iritzi diote, eta, horrenbestez, euskal herritarren eskubideek "urratuta eta ukatuta" segitzen dutela. Ildo horretatik, haurrak euskal kulturan eta euskaraz hazteko eskubidearen beharra azpimarratu dute, eta hori guztia gauzatu ahal izateko "Euskal Herri askea" galdegin. Egañak eta Retolazak hitza hartu aurretik, bertsolari bat aritu da kantuan, eta manifestazioa debekuaren mehatxupean izan dela nabarmendu du. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo agindu bezala, Okendo plazan egin da ekitaldia.
Aurretik, arratsaldeko bost eta erdiak pasatxo zirela abiatu da Donostiako Bulebarretik Euskal Herriaren eskubideen alde lelopeko manifestazioa. Hain zuzen ere, lelo horixe jartzen zuen pankarta joan da martxa irekitzen. Antolatzaileek eraman dute pankarta, hau da, deialdia egin duten donostiar taldeko kideek, tartean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleak, Iñaki Egaña historialariak eta Iratxe Retolaza literatur kritikariak.
Manifestazioa hasi denerako jende asko zegoen bilduta Bulebarrean eta inguruetan, eta txalo eta oihu artean egin dituzte manifestazioko lehen urratsak. Independentziaren eta presoen aldeko aldarriak izan dira oihukatuenak, eta baita Jon Anza gogoratzekoak ere. Jende askok ikurrinak eta Nafarroako banderak eraman ditu. Parte hartzaileen artean Rufi Etxeberria eta Miren Legorburu ezker abertzaleko ordezkariak, eta Maider Karrera EAko zuzendaritzakoa izan dira. Aitor Ibero eta Luix Barinagarrementeria abokatuak eta Antton Izagirre Tolosako alkate ohiak ere parte hartu dute.
Manifestazio burua Maria Cristina hotelaren aurrera iritsi denean, amaiera San Martin eta Urbieta kaleen arteko bidegurutzean zegoen. Pare horretan manifestazioak 14 minutu behar izan ditu igarotzeko.
Ertzaintzaren furgoneta ugari eta helikopteroa
Manifestazio horren inguruan gorabehera ugari izan da azken orduetan. Izan ere, Dignidad y Justiciak galarazteko eskatu zuen, eta eskaerarekin bat egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Fernando Andreu epaileak, ordea, protesta martxa egiteko baimena eman zuen atzo arratsean fiskalaren irizpidearen aurka, manifestatzeko eskubidea oinarrizkoa dela argudiatuta. Hala ere, antolatzaileei ohartarazi zien "terrorismoaren goratzerik" ez zuela onartuko, eta halakorik ez gertatzeko manifestazioa hurbiletik zaintzeko agindu zuen. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo iragarri zuen Ertzaintzaren dispositibo berezia antolatuko zuela. Gainera, ibilbidea aldarazi zuen Donostiako Aste Nagusiaren hasiera ekitaldiarekin bat etor ez dadin.
Gaur, arratsaldeko bostetarako Ertzaintzaren presentzia nabarmena zen manifestazioaren abiaburu inguruan: istiluen kontrako taldeen lau furgoneta zeuden Hernani kalean eta bi Alderdi Ederren. Minutuek aurrera egin ahala areagotu egin da presentzia hori, eta hamar furgoneta ere zenbatu dituzte lekukoek. Manifestazioa abiatu denean, Ertzaintza jarri damartxaren buru; zehazki, sei furgoneta joan dira segizioaren aurretik, eta beste lau atzetik. Halaber, helikopteroa ere ibili da.
Nolanahi ere, inolako arazorik gabe ibili dira manifestariak Donostiako kaleetan, eta, halaber, inolako arazorik gabe egin dute amaiera ekitaldia Okendo plazan. 18:45ean sakabanatu dira manifestariak.
Politika
'Euskal Herriaren eskubideen alde' lelopean manifestazio jendetsua egin dute Donostian
Zenbait donostiarrek egin dute protestarako deialdia, besteak beste, Txillardegik, Iñaki Egañak eta Iratxe Retolazak, eta haiek eraman dute pankarta Ezker abertzaleko eta EAko ordezkariak egon dira. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren iritziaren aurka manifestazioa baimendu egin du Andreu epaileak, baina hurbiletik zaintzeko agindu. Ertzaintzaren presentzia nabarmena izan da. Okendo plazan egin dute amaiera ekitaldia: euskal herritarren eskubideak urratu egiten direla salatu dute Iñaki Egañak eta Iratxe Retolazak. 18:45ean sakabanatu da jendea, inolako arazorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu