euskal herria

"Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratu" nahi du Egigurenek

'Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo' liburua aurkeztu du PSE-EEko presidenteak.

Jesus Egiguren gaur, Donostian. ARP
enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 9a
07:39
Entzun

"Euskal Herriaren kontzeptua" galtzen ari dela uste du Jesus Egigurenek, eta berriro eskuratzeko lan egin nahi duela esan du bere azken liburuaren aurkezpenean, Donostian, San Telmo museoan. "Euskal Herria Europako naziorik interesgarrienetakoa" dela iritzio dio, baina gaur egun "nazioa deseraikitze" fase batean dela.

"Euskadi Bizkaia baino ez da. Gipuzkoa, adibidez, ez da garai batean zena", azaldu du. "Nafarroa oso urruti" dagoela ere aipatu du, eta Ipar Euskal Herriak ez duela bat egingo eskema "sabinianoarekin". Horregatik pentsatzen du diskurtsoa eta praktika berritu beharra dagoela. "Ni ez naiz abertzalea, ezta independentista ere", adierazi du aurretik.

Haren aburuz, EAJ eta sozialistak aldatzea zaila dago. Ezker abertzaleari begiratzen dio, batik bat. "Bere ideologia definitu behar luke". PSEko presidentearen arabera, horren ondorioz EAJ eta sozialistak nolabait behartuta leudeke euren politikak berritzera.

Euskal nazioa eraiki behar dela esan du liburu aurkezpenean, "ezerekin hautsi gabe"; hau da, Euskal Herria nazio gisa egon daitekeela Espainiako eta Frantziako estatuetan. "Formulak" ba omen daude; Euskaltzaindia aipatu du adibide modura, "eta udal hautetsien elkarte bat ere sor daiteke" —ez zen ari Udalbiltzaz—.

Aurkezpen ekitaldia baliatu du egunotan bere adierazpenen harira egin dizkioten kritikei erantzuteko: "Ez dut esan Espainian ETArekin hobeto bizi zirenik. Madrilgo eremu jakin batzuez ari nintzen. Nik Espainiak bakea izan dezan lan egin dut, eta ni naiz espainiarretako bat".

Egigurenek Gara egunkariarekin atera du Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo liburua. Vicente Zaragueta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide eta Gipuzkoako Ozeanografoen Elkarteko presidenteak lagundu dio mahaian; hark egin du liburuaren hitzaurrea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.