KONPONBIDEARI BEGIRA

Euskal Herriko bake prozesua hizpide BBCn

'ETA: Espainiaren bake prozesu izoztua' izenburupean, Erresuma Batuko telebista kate horrek 'Parot doktrinaren' eraispena eta ETAren nahiz estatuaren biktimen ikuspegiak jorratu ditu.

Lasa eta Hernandez, BBCren artikuluan.
2013ko abenduaren 26a
13:00
Entzun

Euskal Herriko bake prozesua "izoztua" ikusten du BBC Erresuma Batuko hedabideak, gaur argitaratutako artikulu baten arabera. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako ebazpena abiapuntutzat hartuta, erabaki horrek Euskal Herriko "adiskidetze" prozesuan lagundu dezakeela uste du BBCk, nahiz eta aitortu duen prozesu hori "oso motel" ari dela aurrera egiten.

Euskal ETA: Espainiaren bake prozesu izoztua artikuluan, ETAk jardun armatua behin betiko utzi ondorengo egoera aztergai du hedabideak: "Gaur egun, Espainiako Euskal Herria ezagunagoa da janari dastagarriagatik eta euri etengabearengatik, bahiketengatik, tiroengatik eta lehergailuengatik baino, baina iraganeko indarkeriak itzala du oraindik egungo Espainian; Euskal Herriko adiskidetze prozesua oso motel ari da aurrera egiten".

BBCk oroitarazi du "ofizialki" Espainiako Gobernua ez dagoela bake elkarrizketak abiatzeko prest, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailearen azalpenak ere jaso ditu; Riosen arabera, ETA "ahul" egoteak eragiten du Madrilek hitz egiteko "pizgarririk" ez izatea.

Estrasburgoren erabakiaren harira, BBCk azaldu du PPko politikariak ebazpenaren kontrako manifestaziora joan zirela; areago, Giles Tremlett kazetariak uste du ETAren aurkako oposizioa Espainiako eskuinaren "genetikaren" parte dela. Edonola ere, Estrasburgoren ebazpena prozesuarentzat "ona" delakoan da Tremlett, uste baitu PPko buruzagi ugari "sekretuan" pozik daudela erabakiarekin.

Biktimak, zurrunbilotik at

Joxean Lasaren arreba Axun Lasa eta Jesus Maria Pedrosaren alargun Mari Carmen Hernandez elkartu ditu BBCk, eta haien argazkiarekin ilustratu du artikulua. Hernandezek dio Estrasburgoko auzitegiaren erabakia "bidezkoa" dela, eta doktrinaren eraispenaren bidez aske geratu diren preso ohiek eragindako oinazea aitortzea nahi du. Lasak, berriz, biktima guztientzat "aitorpena eta oroimena" eskatu du.

Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko eskariaren berri ere eman du BBCk. Hedabideak gogorarazi du Madril sakabanaketa etetearen kontra azaldu dela, eta horrekin batera dio ETAk armak emateko asmoen zantzurik ez dela. Bi elementu horiek aipatuta, prozesua "trabatuta" dago, BBCren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.