ETAk bere jardun armatua behin betiko etengo zuela iragarri zuenetik bost urte beteko dira hilabete barru. Urteurrena baliatuta, Euskal Herriko bake eta konponbide prozesuari erreparatu dio ICIP Bakerako Kataluniako Nazioarteko Institutuak.
Euskal Herria: bost urte indarkeria armatu gabe izenburupean argitaratu du iraileko zenbakia. Egoeraren diagnostikoa egin dute bertan Rafael Sainz de Roza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoaren Justizia koordinatzaileak eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak, eta elkarbizitzan eginiko aurrerapausoak aztertu ditu Aitziber Blanco bizikidetza lantzeko esperientzietan arituak.
Irantzu Mendia Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia irakasleak azpimarratu du emakumeek bakearen eraikuntzan izandako garrantzia, eta Pedro Ibarra EHUko Politika Zientzietako katedradunak azaldu du ETAren indarkeriarik gabeko jokalekuan alderdi politikoen arteko polarizazioa desaktibatu dela.
Antoni Batista kazetariari eginiko elkarrizketa bat da azken atala; bertan, Batistak zalantzan jartzen du ETAren balizko armagabetze batek Espainiako Gobernuak pausoak ematea ahalbidetuko lukeenik: "Ezker abertzaleak urratsak egin ditu, eta Espainiako Gobernuak, batere ez".