Hezkuntza

Euskal Herriko edukiak eta ikuskera zabaldu nahi ditu Euskal Curriculumak

Ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenerako jakin beharrekoa zehazten du, eta gaur aurkeztu dute, Donostian. Curriculumaren definizio epea amaituta, aplikazioa zehaztea eta abiatzea falta da.

2008ko ekainaren 21a
13:21
Entzun
Jakes Goikoetxea

Kiskia pilotaren barruko muina da. Txikia da, baina pilota osoaren izaera baldintzatzen du. Hezkuntzan, lurralde bakoitzeko eduki propioek baldintzatzen dute curriculumen izaera eta bereizten dituzte herrialde ezberdinetako curriculumak. Euskal Herriko hezkuntzak kiski propioa jarri dio bertako hezkuntzaren pilotari: Euskal Curriculuma. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak (EHIK), Udalbiltzak, Sortzen Ikasbatuazek, Kristau Eskolek eta zenbait hezkuntza eta herri eragilek egin dute Euskal Curriculuma. Euskal Herriko eduki eta mundu ikuskera propioetan oinarritzen da, euskal kulturaren transmisioa eta iraupena bermatu nahi ditu, eta ikasleei beharrezko gaitasunak eskaini nahi dizkie Europarekin eta munduarekin elkarreraginean bizi den gizarte batean bizitzeko. Gaur aurkeztu dute, ekitaldi ireki baten bitartez, Donostiako Kursaal jauregian, 11:00etan.

Baina Euskal Curriculuma osatzeko prozesua ez da amaitu oraindik. Definitu dituzte Euskal Herriko ikasle batek derrigorrezko eskolaldiaren amaieran lortu behar dituen gaitasunak eta gaitasun horiek eskuratzeko landu beharreko eduki nagusiak. Definitu dute euskal kulturari dagokionez ikasleek ze jakin behar duten. Baina Euskal Curriculuma ikasgeletara iristeko prozesu osoa falta da: helburuak eta bideak ikasturtez ikasturte eta zikloz ziklo antolatzea; gaitasunak garatzeko material pedagogikoak sortzea; irakasleak gaiatsunetan eta Euskal Curriculumean oinarritutako irakaskuntzarako prestatzea; eta abian jarritakoaren ebaluazioa egitea.

Orduan aplikatzeko prest egongo da Euskal Curriculuma. Ikastetxeek erabaki beharko dute pilota horrekin jolastu edo ez.

Euskal Curriculumaren sortzeko prozesua luzea izan da. EHIK-k 1996an abiatu zuen orduan curriculumaren «euskal dimentsioa» deitu zutenari buruzko gogoeta. Udalbiltzak eta Sortzen Ikasbatuazek ere urte batzuk beranduago plazaratu zuten Euskal Curriculumaren premia. 2003an hiru eragileek bat egin eta Euskal Curriculuma sortzeko prozesua abiatu zuten. Bidearen zati batzuetan bidelagun izan dituzte Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Kristau Eskolak eta hezkuntzako eta gizarteko zenbait eragile.

Orain artekoaren balantzean prozesuaren izaera nabarmendu dute EHIK-k, Udalbiltzak eta Sortzen Ikasbatuazek: alde batetik, behetik gora egin dela, «herriaren curriculuma» dela; bestetik, jende askok parte hartu duela. «Atxikimendu maila izugarria da eta hori da gakoetako bat», Koldo Tellitu EHIK-ko lehendakariaren esanetan. «Gu herritik sortuak gara eta Euskal Curriculumak ere jatorri hori du».

Paperetik ikasgelara

Oraingoz, Euskal Curriculuma paperean dago. Ikasgeletara pasa behar da. Hori da «benetako helburua», Ruben Iglesias Udalbiltzako Curriculumaren arduradunaren iritziz. «Gehiago da egiteko daukaguna egin duguna baino», gehitu du Mila Apezetxea Sortzen Ikasbatuazeko lehendakariak.

Euskal Curriculumak ez du lege izaerarik edukiko, baina bultzatzaileen iritziz, hori ez da oztopo izango aplikatu ahal izateko. Hiruren esanetan, ikastetxeen autonomiaren bitartez aplikatu ahal izango da Euskal Curriculuma, ikastetxeetako hezkuntza proiektuetan txertatuta. «Ikastetxean bertan Euskal Curriculuma aplikatzea erabakitzen bada, aplikatuko da, bai sare publikoan, bai pribatuan», dio Apezetxeak.

Iglesiasen esanetan, «Euskal Curriculumak ez du inolako legerik urratzen, curriculum guztiak pedagogikoki oso hurbil baitaude». Tellituk zehaztu du ia curriculum guztietan ikasleek lortu beharreko oinarrizko gaitasun berak direla. Gaitasun horiek lortzeko bideetan daude ezberdintasunak.

Politikoki Euskal Curriculumak eta Jaurlaritzak iaz onartutako curriculum dekretuak «politikoki talka» egiten dutela dio Iglesiasek: «Gurea Euskal Herritik eta Euskal Herrirako pentsatuta egin dugu». Jaurlaritzarenak, aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa baino ez ditu aintzat hartzen. Hala ere, biak pedagogia aldetik osagarriak direla uste du.

Oraingoz, ez dute zehaztu Euskal Curriculumaren aplikazio prozesua nola egingo duten. Tellituk aurreratu du datorren ikasturtean hasiko direla irakasleen prestakuntza diseinatzen, eta «pare bat ikasturte» beharko dituztela Euskal Curriculuma ikasliburuetara edo beste materialetara pasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.