Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten sindikatu eta eragile ekologistek Natura eskubideen jabe manifestua aurkeztu dute gaur goizean, eta mezu argi bat bidali die erakundeei: “Natura, baliabide naturalak eta lurraldea gutxi batzuen negoziorako tresna izateari utzi, eta politika publikoak alda ditzatela”. Oinarrizko aldaketa horietan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean espreski jasotako eskubideak txertatzeko beharra aldarrikatu dute, horien artean, “osasuna bermatzeko elikadura burujabetza politikak efektibo egitea, ekoizpen eta kontsumoaren arteko harreman orekatua” lortuz.
Energiari lotutako eskaerak ere egin dituzte, Euskal Herriko lurraldeak energia nuklearraren ekoizpenetik libre deklaratzea, eta “kalitatezko enpleguak” sortuko dituen energia berriztagarriak sustatzea. AHTa baztertzeko deia egin dute, eta erabilera sozialerako “euskal trenbide sarea” bultzatzea. Hondakinei dagokienez, Zero Zabor eredua garatzeko eskaera egin dute, “natur baliabideen gaineko presioa, zabor metaketa eta kutsadura txikituz”.
Oinarri horiek defendatzeko larunbatean Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioekin bat egiteko deia egin dute gutun sozialeko ordezkariek.