PROZESUAREN INGURUKO EZTABAIDA ESTRASBURGON

Euskal Herriko gatazka elkarrizketa bidez konpontzearen alde agertu da Europako Legebiltzarra

Estrasburgoko parlamentuko talde sozialistak, liberalen eta demokraten aliantzak, Berdeek eta Europako Ezker Bateratuak elkarrekin hitzartutako ebazpena aurrera atera da bozketan: 321 boto jaso ditu Euskal Herriko gatazka elkarrizketa bidez konpontzearen aldeko ekimenak. Kontra bozkatu dute 311 eurodiputatuk eta 24 abstenitu egin dira.

2006ko urriaren 25a
15:15
Entzun
Europako Alderdi Popularrak aurkeztutakoa, elkarrizketaren aurkako jarrera argia agertzen zuena, atzera bota dute bozketan. Azken unera arte popularrekin ebazpen bat adosten saiatu da Europako Alderdi Sozialista. Atzo gauean, demokrata-liberalekin, Berdeekin eta Ezker Bateratuarekin adostutako ebazpenaren puntu bat aldatu zuten adostasun handiago lortzeko. Emaitzik ez zuten erdietsi, eta, azken unean, eztabaida eta bozketaren arteko bi orduko tarte horretan, Europako Batzordeko lehendakariorde Francesco Frattinik egindako hitzaldia oinarri hartuta ebazpena hitzartzea proposatu dietepopularrei. Ezezkoa jaso dute berriro.

Nolanahi ere, korapilatsua izan da bozketa bera, auziak sortzen duen banaketaren adibide. 12:30etan zen egitekoa, baina eurodiputatu popularrak Josep Borrell Europako Parlamentuko presidenteak bideratutako bozketa prozeduraren aurka agertu dira. Eztabaida horren ondorioz, ia ordu erdi atzeratu da bozketa eta errepikatu ere egin dute. Nolanahi ere, aurrera atera da azkenean hitzartutako ebazpena, alde estuarekin bada ere: 321 diputatuk bozkatu dute ebazpenaren alde, 311k kontra eta 24 abstenitu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.