HEZKUNTZA

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako ikasleek greba bateratu batera deitu dute urriaren 11rako

Espainiako Gobernuak egindako murrizketen aurka eta herri bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko eskatu diete ikasleei. "Ezinbesteko alternatiba eskola propioa bultzatzea da; herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubideak errespetatuko dituena", adierazi dute ikasle mugimenduetako ordezkariek. 

2012ko irailaren 4a
17:02
Entzun

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako ikasleek greba bateratu bat iragarri dute urriaren 11rako. Europako Banku Zentralaren eta Espainiako Gobernuak egindako murrizketen aurka eta "zapaldutako" herri bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko eskatu diete ikasleei, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren aurrean egin duten agerraldian (Madril). 

"Ezinbesteko alternatiba eskola propioa bultzatzea da; herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio bakoitzaren hizkuntza zein kultur eskubideak errespetatuko dituena", adierazi dute ikasle mugimenduetako ordezkariek. Manifestuaren alde agertu dira ondorengo erakundeak: SEPC Sindicat d'Estudiants dels Països Catalans, Estudiants Independentistas y Revolucionarias d'Aragon, Yesca, SAT Sindicato Andaluz de Trabajadores, AGIR, Jaleo —Jóvenes Andaluces/zas independentistas—, Darréu —Mocedá Independentista Revolucionario—, Liga Estudantil Galega, Regüelta Cantabria eta Ikasle Abertzaleak. 

"Gobernu zentralaren erabakiak inongo lotsarik gabe aplikatzen ari dira, administrazioetako gobernuen babesarekin", salatu dute. Europako Batasunak "inposatutako" neurrien aurrean herritarrak babesik gabe daudela esan dute. Testuinguru horretan, ikasle antolakundeek eratzukizunez jokatuko dutela azaldu dute; "sistema itogarri honen aurrean alternatiba ezkertiar eta burujabea sortuz". 

Horrela, urriaren 11n hezkuntzako eta bestelako murrizketei ezezko borobila emateko eskatu diote gizarteari, PPren gobernuaren neurriak hezkuntzaren "pribatizazio eta elitizazioaren" bidean datozelako. Ikasle mugimenduetako ordezkariek gogorarazi dute subjektu aktibo izanik bakarrik lor daitekeela bestelako gizarte eredu bat.  

Webgune bat sortu dute, eta Twitter sare sozialean #11x12 etiketa erabiltzea proposatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.