Hamaikak eta laurden pasatxo zirela abiatu da Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik, hau da, 'Egunkaria'-ren egoitza dagoen tokitik, euskal komunikabideen aurkako erasoak salatzeko asmoz 'Egin'-eko zein 'Egunkaria'-k langile zirenek antolatu duten auto karabana. 70en bat ibilgailu atera dira iladan, adierazpen askatasunaren aldeko txartelak erantsita zituztela. Hernaniko Eziago poligonora bitarteko bidea egingo dute, hau da, 'Egin'-en egoitza atarirainokoa. Izan ere, gaur betetzen dira bost urte 'Egin' eta Egin Irratia itxi zituztela.
Bi komunikabideetako langile ziren lagun asko ari dira auto karabanan parte hartzen; haien artean dira Jabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendaria, Teresa toda zuzendariordea, Mertxe Aizpurua 'Gara'-ko zuzendaria eta Xabier Lekuona 'Egunkaria'-ko zuzendariordea. Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendariak ezin izan du protesta ekitaldian parte hartu, hain zuzen ere, euskarazko kazeta ixteko agindua eman zuen Del Olmo epaileak froga kaligrafiko bat egitera deitu duelako gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalera, 'Egunkaria' kasuko beste bost auzipetukin batera.
Andoaindik Hernanira bitarteko bidea egingo du auto karabanak, 'Egin'-en egoitza zarratua dagoen lekurainokoa. Gaur betetzen dira bost urte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailaren aginduz Espainiako Poliziak 'Egin' eta Egin Irratia itxi zituela. Kasu horretako abokatuen arabera, bost urteko itxiera epea gaindituta, 'Egin'-en egoitza eta ondasunek komunikabide horretako ordezkari legalen esku geratu beharko lukete, "Espainiako Zigor Kodeak hala agintzen baitu".
"Adierazpen askatasuna ideia eta pertsona guztientzat ezinbestekoa da"
Eguerdiko hamabiak aldera iritsi da auto-ilada 'Egin' egunkariaren egoitza itxira. Egoitzaren ingurua "Euskal komunikabideen aurkako erasorik ez" eta "Euskal prentsa oharra" zioten kartelez josita zegoen. Teresa Toda 'Egin'-eko zuzendariordeak hartu hitza lehendabizi ekitaldian. Todak 'Egin' eta Egin irratia itxi zituzteneko garaiak ekarri ditu gogora, eta "politikoki dena esanda" dagoela azpimarratu du: "Gure salaketa argia da: oinarrizko eskubide unibertsal bat urratu du zuten eta urratzen jarraitzen dute inolako kupidarik gabe, adierazpen askatasuna", adierazi du Todak.
'Egin'-eko zuzendariordearen arabera, arazo guztien gainetik, "Euskal Herriko ahots guztiak kalean izatea lortu da, prentsa idatzian behintzat", baina "Garzonen ezpata 'Gara' egunkariaren orriak mozteko prest" dagoela gogoratu du, eta 'Berria' egunkariaren "ibilbidea ez dela erraza izango" iragarri. Egoera gainditzeko Euskal Herriko kazetari guztiak bildu eta hitz egitea proposatu du Todak, "indar abertzaleek egin behar duten bezalaxe". Halaber, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Penaleko hirugarren sala 'Egin' egunkariaren itxiaren inguruan erresoluzio bat prestatzen ari dela adierazi du Todak.
"Egoera jasanezina da euskal komunikabideentzat"
'Egunkaria'-ko langile ohien izenean Iñaki Petxarromanek hitz egin du, eta 'Egin' itxi zuten eguna "oso gogorra" izan zela gogoratu du, "gure aurkako erasoa izan balitz bezala bizi baikenuen". Petxarromanen arabera, "hari batetik zintzilik gaude hedabideok, Madrilen nahiaren eta borondatearen gatibu". Hori dela eta, euskal komunikabideentzat "egoera jasanezina" dela esan du 'Egunkaria'-ko langile ohiak, eta egoerari buelta emateko, "Euskal Herrian demokrazian eta oinarrizko eskubideetan sinisten dugunok bide berri bati ekin behar diogu, guztiok batera".
Euskal komunikabideen aurkako erasoak
Euskal Herriko "kazetari guztien artean hitz egin", eta "adierazpen eskubidea bermatzeko bideari ekitea" aldarrikatu dute 'Egin' eta 'Egunkariako' langile ohiek
Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik hamaikak eta laurden inguruan abiatu den auto karabana hamabiak bost gutxi aldera iritsi da Hernaniko Eziago poligonora. 'Egunkaria' eta 'Egin' egunkariaren egoitza itxiak lotzea eta euskal komunikabideen aurkako erasoak salatzea zuen helburu ekimen horrek. 'Egin'-eko zuzendariorde Teresa Todak eta 'Egunkaria'-ko kazetari Iñaki Petxarromanek idatzi bana irakurri dute 'Egin'-eko egoitza itxiaren aurrean, eta "herri honetan adierazpen eskubidea eta beste oinarrizko eskubideak bermatzeko egin beharreko bidea guztiok batera egin behar" dugula aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu