Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) lehendakaria den Mixel Berhokoirigoinek baita elkarteak berak berriki eskuratu dute idatzizko konbokazioa publiko egin dute gaur goizean eta jakinarazi dute otsailaren 18an iraganen dela Frantses estatuak EHLGren aurkako deiaren auzia, Paueko auzitegian (Frantzia). Eskuratu gutunak azaltzen duenez, joan den urtarrilean Baionan iragan akusazio berak atxiki dituzte. Hau da, aktibitatea, izena eta Paueko Laborantza Ganberarekin sortzen duten nahasmena. Alta, urtarrilean iragan auziak osoki zuritu zuen EHLG. Prefetak ezarri salaketari ez segidarik ematea erabaki zuen auzitegiak. Baina orain, hitzordu berri horretan dena berriz zerotik partitzen da: "Berriz partida jokatu behar dugu eta berriz irabazi behar", Berhokoirigoinen hitzetan.
Dei eginen zutenetik hamar hilabete pasa direla, arte horretan, orain arte publiko egin ez diren negoziaketa sekretuak iragan dira EHLG, Paueko Laborantza Ganbera eta Prefetaren artean, Prefetak galdeginik. Prefetak eskatu zien negoziazio horiek sekretupean atxikitzea. Konfidentzialtasuna errespetatu zuen orain arte EHLG baina azken erantzuna auzitegiko konbokazioa izan denez, "berek ireki atea berek hetsi dutela" erranik, EHLGak negoziaketa horien nondik norakoa azaldu ditu, "burla" baizik ez delako izan, beren iduriko.
Orotara bi bilkura izan dira. Lehena, maiatzean egin zen, Paueko prefetaren egoitza pribatuan, negoziaketak sekretuak baitziren. Aukera batzuk ikusten zituzten eta bigarren bilkura bat egitea adostu zuten denek. Hori bai, EHLGak idatzizko proposamenak egitekotan gaineratu zuen.
Ondoko bilkura uztailean egin zen, oraingoan Baionako suprefeturaren egoitza pribatuan. EHLG bakarrik joan zen idatzizko proposamenekin. Horietako bietan izena aldatzeko prest zirela zioten. Baina parean, Paueko Laborantza Ganberako lehendakariak "irri merke" batekin erantzun zuen, zehaztu du Berhokoirigoinek. Prefetak, bere aldetik ere, iduriz, mespretxua baizik ez zien erakutsi, ez zela ados dokumentu horiekin eta ez zituela segiaraziko.
Otsailaren 18ari begira, sostengu kanpaina berri bat abiaraziko dute. Larunbat honetan dute lehen hitzordua. Laguntzeko prest diren guztiak 9:30ean Baionako Ainize Monjoloseko egoitzan biltzera gonbidatzen dituzte lan taldeak osatu eta kanpaina herriz herri antolatzeko. Ondoko hitzordu nagusia urtarrilaren 16a izanen dute. EHLG orduan ospatuko ditu bere bost urteak.
gizartea
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren dei auzia otsailaren 18an iraganen da
Auziari begira, sostengu kanpaina abiatuko dute larunbat honetan, Baionan. 9:30ean Ainize Monjoloseko egoitzan biltzeko deia egin dute, lan taldeak osatu eta kanpaina herriz herri antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu