Saenz de Samaniegok baieztatu zuenez, oraingoz hegazti bakarra azaldu da hilda Salburuan, eta ez dute kutsatutako beste hegaztirik aurkitu bertan.
ANIMALIEN GAITZA. Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuak lasaitasuna eta ardura eskatu die herritarrei. Europan azaldutako kasuak gogoratu ditu: «Europan hegazti gripea animalien osasunari dagokion arazoa da. Europako beste herrialde batzuek antzeko kasuak izan dituzte, baina ez dute ondoriorik izan gizakiengan. Ez dago ia arriskurik gizakien osasunarentzat». Espainiako Nekazaritza Ministerioak gogorarazi du hegazti gripea ez dela kutsatzen hegaztiak edo hegaztien produktuak janda.
Hegazti Gripearen EAEko Jarraipen Batzordeak aurreikusitako neurriak jarri ditu indarrean: Alde batetik, hiru kilometroko babes eremu bat ezarri du Salburua inguruan; bestetik, hamar kilometroko zaintza eremua. Neurrien ondorioz, debekatu egin dute hegaztiak eta arrautzak leku batetik bestera eramatea, hiltegira ez bada; hegaztien azokak egitea; azoketara hegaztiak eramatea; eremu horretatik hegaztien haragia, hegaztien eratorriak eta tratatu gabeko zirinak ateratzea; eta basa hegaztiak ehizatzea. Horrez gain, zaintza areagotu egingo dute naturguneetan. Neurri horiek indarrean egongo dira gutxienez 21 egunean babes eremuan eta 30 egunean zaintza eremuan.
Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA)sindikatuak zuhurtasuna eskatu die herritarrei eta kazetariei. «Bertako baserrietako eta etxaldeetako hegaztien produktuak» kontsumitzeko eskatu du sindikatuak.
############
kronologia
Hegazti gripearen bilakaera munduan
2003Abendua. Vietnamen agertu zen hegazti gripea. Ordurako jadanik milioi bat inguru oilasko hil ziren gaitzaren eraginez. Horrez gain, gaitzak kutsatutako lehen bi pertsonak eraman zituzten erietxera. Hego Korean ere azaldu zen gaitza.
2004
Urtarrilak 11. Vietnamen lehenengo pertsona hil zen gaitzak jota. Haurra zen.
Urtarrilak 27.Hegazti gripea Asiako bederatzi herrialdeetara zabaldu zen, eta ordurako zazpi hildako eragin zituen.
Abuztuak 20. Hegazti gripearen birusa atzeman zuten txerrietan, Txinan. Birusa gizakietara pasatzeko arriskuaz ohartarazi zuen OME Osasunaren Munduko Erakundeak, txerriak aldi berean inkuba ditzakeelako hegazti gripearen birusa eta gizakien gripearena.
2005
Urtarrilak 24. Birusa gizakitik gizakira pasatzen ari ote zen aztertzen hasi zen OME. Etxe bereko hiru anai kutsatu ziren Vietnamen. Ordurako milioika hegazti hil zituzten, eta gaitza oso azkar ari zen hedatzen inguruko herrialdeetara.
Apirilak 2. Hegaztiak hazten dituzten etxaldeak garbitzeko kanpaina handia hasi zuen Vietnamgo Gobernuak, hegazti gripe izurritea gelditzeko. Ordurako 200 pertsona kutsaturik zeuden, eta 34 vietnamdar hil zituen hegazti gripeak.
Uztailak 4. Huts egin zuten gripearen aurkako saioek. OMEk baieztatu zuenez, birusaren H5N1 aldaerak oso eraginkor izaten jarraitzen zuen: 2004ko urte hasieratik, 55 lagun hil ziren Asian. .
Uztailak 8. Gaitza hegazti migratzaileen bidez zabaltzen hasi zen. Zientzialariek ohartarazi zuten, antzarren bidez, birusa Indiara, Australiara eta Europara zabal zitekeela. Hain zuzen, iazko uztailean 6.000 hegazti migratzailetik gora hil ziren Txinako iparraldean.
Urriaren 8a. Errumanian, Danubio ibaiaren deltan, hegazti gripeaz kutsatutako zenbait hegazti migratzaile antzeman zituzten. Turkian ere 2.000 hegazti inguru hil ziren.
Urriaren 10a. Turkiatik hegaztiak eta lumak inportatzea debekatu zuen Europako Batasunak.
Urriaren 15a. Ehiza galarazi eta herri osoak berrogeialdian jarri zituen Turkiak.
Urriaren 17a. Hegazti gripea Europako Batasunera iritsi zen. Greziako uharte batean hainbat indioilar kutsatu ziren.
Urriaren 20a. Azoketara hegaztiak eramatea galarazi zuen Europako Batzordeak. «Arrisku handiko lekuetan» hegaztiak larrean haztea debekatu zuen ere, eta estatu kideen esku utzi zuen leku horiek zeintzuk diren zehaztea.
Urriaren 21a. Azoketara hegaztiak eramatea debekatzen hasi ziren agintariak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuek ere debekua betearazi zuten. Halaber, egun horretan baieztatu zuten Erresuma Batuan hildako loro batek hegazti gripea zuela.
Urriaren 25a. Europako Batasunak hegazti basatiak inportatzea debekatu zuen.
Azaroaren 8a. OMEk hegazti gripeak gizakiak ere kutsatuko dituela ziurtatu zuen: «Orain artean ez da izurriterik izan gizakien artean, baina gertatuko da».
2006
Otsailak 8. H5N1 birusa Afrikara iritsi zen. Nigeriako oilo etxalde batean aurkitu zuten hegazti gripearen aldaera.
Otsailaren 15a. Hegazti guztiak etxaldeetan itxita edukitzeko agindu zuen Frantziak.
Otsailaren 21a. Europako Batasunak hegaztiak hazten dituzten etxaldeetan hegazti gripearen kontrako txertoak jartzen hasteko baimena eman zuen. Txertatutako hegaztien haragia eta arrautzak esportatzea galarazi zuen. Neurri oso zorrotzak jarri zituen.
Martxoaren 10a. Hegazti gripea bizkor atzemateko testa garatu zuten Bizkaian. Europan gaitzak jota oraindik ez da inor hil. Afrikan lehen kasua agertu zen, Egipton. Asian ordurako 97 ziren gaitzak hildakoak.
Maiatzaren 6a. Hegazti gripeak jotako pertsonei laguntzeko botika eraginkor bakarra ezagutzen da gaur egun, Tamiflu, eta botika horren ekoizpena bizkortzeko sistema asmatu zuten.
############