Frankismoan eginiko krimenen inguruan Argentinako Justizia egiten ari den ikerketak zazpi salaketa gehiago izango ditu, gaurtik aurrera. Sei pertsonaren heriotza —Jose Maria Zabala Erasun, Maria Norma Mentxaka Gonzalo, Rafael Gomez Jauregi, Jose Luis Cano Perez, Francisco Javier Nuñez eta Arturo Ruiz Garcia— eta 1976ko martxoaren 3ko gertakariei buruzko beste ikerketa bat jasoko du Maria Servini epaileak.
Salaketa guztiek ardatz komuna dute, Rodolfo Martin Villa. Martxoaren 3ko ikerketaz gain, kereilara gehitutako sei heriotzak 1976. urteko maiatzaren zazpitik 1977.eko uztailaren 14ra arte gertatu ziren, Martin Villa Gobernazio ministro zenean. Frankismoren Krimenen Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataformak gogorarazi du heriotza horiek ez zirela ikertu, edo, ikertzen hasi ziren kasuetan, bertan behera geratu zirela Espainiako 1977ko Amnistiaren Legearen eraginez.