Euskal herritarren %93k babesten du konponbide prozesua, Gizaker enpresak Radio Euskadirentzat zazpi lurraldetan egindako inkesta baten arabera. Babesa zabala den arren, galdetutakoen erdiak aurrerapen falta nabari dute, zentzu horretan "gutxi edo batere ez" dela lortu erantzunez. Bestalde, bost urte baino lehen bakea iristerik ez du espero %65ek, eta ETAk su-etena hautsi dezakeela uste du %58k.
Galdera egin dieten 1.000 lagunetatik %88k babesten du "erabakitzeko eskubidea", eta %66k uste du erabakia hartu behar duten bakarrak euskal herritarrak direla. Gainera, independentzia bai-ez galdetuz gero baietz botako luke %45ek, ezetz %25ek, eta %30ek ez luke botorik emango.
Espainiako Gobernuak eta ETAk "indarkeriaren amaiera" negoziatu behar dute %92ren iritzian, eta "gatazka politikoa gainditzeko, alderdi guztiak mahai batean eser daitezen" babesten du %96k.
Euskal Autonomia Erkidegoaren, Nafarroaren eta Iparraldearen arteko harremanak estutzea nahi dute 10etik 8,04k.
Urriaren 18tik 25era bitartean egin zion galdeketa Gizakerrek 1.000 laguni, telefonoz. Haien esanetan %95eko konfiantza ematen dute emaitzek, eta errakuntza tartea %3,10ekoa da.
Politika
Euskal herritarren erdiek aurrerapen "gutxi" sumatu dute konponbide prozesuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu