Egin Dezagun Bidea ekimenaren sustatzaileetako bat da Fran Balda (Arbizu, 1967). Sortu den mugimendua ikusita, uste du Euskal Herriak estatuei aurre egiteko ahalmen «izugarria» duela.
Egin Dezagun Bidea-k nolako harrera izan du martxan jarri zenetik?
Oso harrera ona. Bi nazio mobilizazio egin ditugu aurten, eta biak izan dira arrakastatsuak. Hala ere, lorpen handiagoa da herrietan preso eta iheslarien eskubideen alde sortu den mugimendua. Jendea herrietan antolatzen hasi da Herri Bilguneen inguruan.Oso jende desberdina, gainera. Desberdina, adinez; desberdina, pentsaeraz. Denok antolatuz gero, ahalmen izugarria dugu estatuei presio egiteko. Preso eta iheslariak etxean nahi baditugu, senideak ezin ditugu bakarrik utzi; bildu egin behar dugu, antolatu.
Urtarrilaren 7ko Bilboko mobilizazioa da hurrengo erronka.
Bai. Urtarrilaren 7an Bilbo kolapsatuko dugu. Kolosala izango da. Espainiari eta Frantziari erakutsiko diegu gizarte honen nahia preso eta iheslariak etxera ekartzea dela, sufrikario hau amaitu nahi dugula. Bilbon izateak sekulako garrantzia du, beraz.
Pertsona eta eragile askok eman diote atxikimendua manifestazioari. Presoen senideak ere ez dira bisitetara joango hurrengo asteburuan.
Horrek erakusten du zer-nolako garrantzia duen Bilbora joateak. Presoek sakrifizio handia egingo dute bisitarik gabe geldituta. Prest daude beraien ama, aita, bikotekidea edo seme-alabak ikusi gabe gelditzeko. Barrukoak hori egiteko prest badaude, gu nola geldituko gara mobilizazioan parte hartu gabe? Hondar ale bat ez ez da ezer, baina milaka eta milaka alek hondartza egiten dute.
Indarrean dagoen espetxe politika aldatzeko eskatzen duzue.
Orain arteko espetxe politika, gerra klabeetan eta mendeku klabeetan antolatua izan da. Presoak pertsona gisa akabatzeko prestatua dago egungo espetxe politika. Presoek zein euren senideek sufritzeko prestatua dago sakabanaketa politika. Hori ezin da ulertu. Espetxe politika lehenbailehen aldatu behar da. Ez diogu guk soilik, euskal gizarteak aldarrikatzen du, eta aldarrikatzen segituko du aldatu arte.
Helmugara iristeko, urratsez urratsegin behar da bidea.
Gure helburua denak etxean izatea da. Baina, badakigu kartzeletako egoerak oso muturrekoak direla. Hasteko, muturreko egoera horiek amaitzeko eskatzen dugu: gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzeko, Parot doktrina deusezteko, eta hori aplikatuta kartzelan dauden 72 preso aske uzteko. 3/4ak edo 2/3ak bete dituzten presoak ere aske utzi behar dituzte, eta presoak bakartzeari utzi behar diote. Horrez gain, presoak batu ditzatela Euskal Herrian; dugun egoera politikoan beste eragile batzuen moduan hartu behar dute parte.
Fran Balda. Egin Dezagun Bidea ekimenaren sustatzailea
«Euskal herritarren nahia erakutsiko dugu Bilbon»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu