Agerraldia egin du Udalbiltzak Usurbilen, euskal herritartasuna garatzeko asmoari begira hainbat ekimenen berri emateko. Besteak beste, Espainiako eta Frantziako banderen "inposizioari" aurre egiteko dinamiketan, euskal herritartasuna adierazteko agiri baten beharrean eta Interneten domeinu propioak lantzean jardungo dute.
Horrez gain, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) apirilean independentziaren inguruan egitekoak diren galdeketaren ildotik, herri galdeketak nola egin landuko dute. Ordiziako herri antzokian elkartuko dira horretarako, otsailaren 22an. Berrehun hautetsi inguru elkartzea espero dute.
Larunbatean Bilbon eginiko manifestazioa ere hizpide hartu dute. Nabarmendu dutenez, "herri gisa" erantzuteko nahia dagoela azaleratu zuen martxak.