ISTRIPUA

Euskal Herritik abiatu den autobus batek istripua izan du Espainian eta bost pertsona hil dira

Autobusa Errenteriako Campano konpainiarena da, eta bidaiarien artean euskal herritarrak daude. Irunen, Errenterian, Donostian, Iruñean eta Tuteran hartu ditu bidaiariak, baina Madrilen bidaiari aldaketa bat izan da, eta oraindik ez dute zehaztu horietako zenbat diren euskal herritarrak.

2007ko abuztuaren 13a
23:56
Entzun
Goizeko 03:00etan Donostiako abiatu den autobus batek istripu larria izan du arratsaldean Espainian. Bost pertsona hil dira, eta Guardia Zibiliak jakinarazi duenez, hainbat zauritu ere bai. Autobusean Euskal Herriko hainbat bidaiari zeuden, informazio agentzien arabera, Andaluziako Herri Zurien Ibilbidea egitera zihoazenak. Autobusa Errenteriako Campano konpainiarena da, eta orain urte bete martxan jarria.

Lopera herrian gertatu da ezbeharra, Jaen probintzian, 16:40ean. Goizaldean Euskal Herritik atera ondoren, autobusak Madrilen geldialdi bat egin duela diote informazio iturriek, eta gidariz eta bidaiariz aldatu duela; azken informazioen arabera, bidaiarietako batzuk Espainia iparraldetik iritsiak ziren Madrilera eta han igo dira autobusera. 11:00etan abiatu da Espainiako hiriburutik, eta 20:30ean ziren Xerezera iristekoak.

Efe berri agentziaren arabera, ezbeharra gidaria irratiarekin ari zenean gertatu da; onik atera da eta istripuaren ondoren poliziarekin mintzatu da. Gainontzeko bidaiarien artean, 47 pertsona daude zauriturik, eta horietako bat egoera larrian dago; Espainiako Gobernuaren ordezkariordearen arabera, besteak arriskuz kanpo daude. Jaengo eta Andujarreko ospitaletara eraman dituzte zauritutako bidaiariak. Identifikatu gabe dauden hildakoen nortasuna goizean jakinaraziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.