Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea ezker-eskuin aipatzen den une politikoan, euskal iheslari politikoek ere beren ekarpena egin nahi dute. Karia horretara, egun osoko ekitaldi bat antolatuko dute Lapurdin, Azkaineko Kiroleta gelan. Ekitaldi politikoa arratsaldeko seietan eginen dute, eta bertan, gatazka politikoa osoki konpontzeko ekarpena egin nahi dute iheslariek.
Goizeko hamaiketan abiatuko da eguna, txupinazo baten bidez. Eguerdian herri kirolak izanen dira. Angel Arrospide eta Iñaki Azurmendi aizkolariak, trontzalariak eta Santurtziko harri-zulatzaileak ikusteko parada egonen da. Bi orenetan, herri bazkaria eginen dute, eta horren ondoren, ekitaldi politikoa. Gauean, kontzertua eginen dute Buuzbu eta Zelatan taldeek.
Konponbide integrala
Antolatzaileek azpimarratu dute euskal iheslari politikoak gatazkaren parte eta aldi berean horren biktimak direla, eta ekarpenak duen garrantzia azaldu dute. Gatazka gainditzeko borondatea berretsi dute iheslariek, eta konponbideak integrala izan behar duela nabarmendu. Hala, ziurtatu dute urrats batzuk «kolektiboaren esku» daudela eta bertze batzuk «estatuaren esku» daudela, hala nola deportatuen egoera.
Antolatzaileek gogoratu dute askotariko euskal iheslari politikoak daudela: batzuk Ipar Euskal Herrian bizi direla, bertze batzuk munduan zehar dabiltzala, batzuk klandestinitatean bizi direla, bertze batzuek bizi normala egiten dutela. Egoera berezi horretan, iheslariek gogoeta prozesu bat abian ezarri zuten, presoek bezala. Bestalde, «bere baitan oso egoera ezberdinetan diren pertsonak biltzen dituen kolektiboaren izaera eta osaketari» buruzko diagnosia egiten ari da ehunka lagunek osatzen duten euskal iheslari politikoen kolektiboa.
Euskal iheslari politikoek konponbiderako ekarpena eginen dute etzi Azkainen
Iheslariek ere barne eztabaida egin dute, eta orain kolektiboaren osaketari buruzko diagnosia egiten ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu