Goizeko 06:30ak aldera hasi da Euskal Jai gaztetxea husteko eta botatzeko operazioa. Espainiako Poliziak, foruzainek eta udaltzainek gaztetxea inguratu dute, eta gero barrura sartu dira. Gaztetxean jende dezente zegoen eraikina defenditzeko prest, eta haietako bat atxilotu dute. Ondoren, Merced kaleko horman besoak hodi bidez josita zeukan jendea askatzeari ekin diote, babes neurririk hartu gabe.
Hondeatzeko makinak heldu dira beranduago, eta Euskal Jai pilotalekua, gaztetxea aterbetzen duen eraikina, botatzen hasi dira.
Plaza barruan zegoen jendea atzeman dute, eta paretaren kontra jarri dituzte, batzuk eskuak lotuta. Ordubietan 25 lagun zeuden atxilotuta Udaltzaingoaren egoitzan. Hain justu, gaztetxeko iturriek agertu dutenez, polizia hori ari da operazioa gidatzen. Udaltzainak zein foruzainak aurpegia estalita dabiltza, Espainiako poliziak ez bezala. Nolanahi ere, polizia guztien jarrera oso bortitza ari dela izaten salatu dute gaztetxeko iturriek: besteak beste, teilatuan-eta kateatuta daudenei gomazko pilotak jaurti dizkietela haiek arriskuan jarriz, mehatxatu egin dituztela, eta, zehazki, kateatuta zegoen nesketako bati bortxatu egingo zutela esan diotela.
Hondeatzeko makinen danbatekoek arraildurak sortu dituzte Euskal Jai gaztetxean, baina han ez ezik, baita inguruko etxebizitzetan ere; hots, San Agustin eta Tejeria karriketako eraikin batzuetan. Bizilagunak guztiz kezkatuta daude.
Hori dela eta, denbora batez eraikina botatzeko saioa bertan behera utzi dute, arriskua zela eta, baina ordubata eta erdietan berriro ekin diote.
Bitarate horretan guztian, jende asko bildu da Iruñeko Alde Zaharrean, gaztetxearen inguruan, husteko eta botatzeko asmoen kontra protestatzeko. Poliziak hainbat karga egin ditu bildutakoen kontra, bai Caldereria karrikan, bai Xabierko jaitsieran.
Inguruetako etxe askotako bizilagunak, berriz, lehio eta balkoietara atera dira, eltze eta lapikoekin zarata ateraz, haiek ere hustearen kontrako protestatzeko.
Gaztetxeko iturriek jakinarazi dutenez, talde horretako bi ordezkari abokatuarekin eta Aralar alderdiko kide batekin Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzara joan dira Vicente Ripa gobernuaren ordezkariarekin elkarrizketatzeko asmoz. Halaber, edozein eratako erasoal salatzeko telefono zenbaki bat zabaldu du Gaztetxeak, honakoa: 605 413 287.
Barcina: "Legea betetzen ari gara"
Yolanda Barcina Iruñeko alkateak (UPN) prentsaurrekoa eman du gaztetxearen hustearen inguruko azalpenak emateko. Barcinak esan du "legea betetzen" ari direla, eta Euskal Jai Gaztetxearen jarduna "ilegala" dela azpimarratu du, "ilegalizatutako zenbait taldek babestutakoa". Ildo beretik, gaztetxeko jarduerak kultur zein gizarte ikuspegitik onuragarriak direnetz zalantzan jarri du.
Iruñeko Udaleko IUN-NEBk, Aralarrek, EAk eta Batzarrek zein Batasunak gogor kritikatu dute gaztetxearen hustea.
Egun gaztetxea dagoen tokian zentro hidrotermal bat jarri nahi du Iruñeko Udalak.
Arratsaldean poliziek Iruñeko gaztetxea botatzen jarraitzen dute
Suhiltzaileak Iruñeko gaztetxera hurbildu badira ere, Poliziak lan egitea galerazi die. Bien bitartean, gaztetxeko pareta bat bota dute eta eraikina mugitzen ari da. Poliziakteilatuaren egituran dagoen jendea ateratzen jarraitzen du.
Iruñeko gaztetxeko eskubiko pareta botatzen ari dira. Horren ondorioz, eraikinaren egitura mugitzen ari da eta jende askok barruan jarraitzen du. Jendea beldurtuta dago, eraikina eroriz gero beren biziak ere arriskuan egon baitaitezke.
Informazio gehiago Euskal Jai Gaztetxearenweb orrian.
Gazte mugimendua
Euskal Jai gaztetxeko erresistentzian parte hartu duten 25 lagun dauzkate atxilotuta
Espainiako Poliziak, Nafarroako Foruzaingoa eta Iruñeko Udaltzaingoa ari dira parte hartzen Euskal Jai gaztetxearen huste eta botatzen lanetan, eta arratsaldeko ordubietan 25 lagun zeuzkaten atxilotuta Udaltziangoaren egoitzan. Halaber, gaztetxea botatzearen kontra eraikinaren inguruan batu den jendetzaren kontra zenbait aldiz oldartu da Polizia. Tentsioa handia da Iruñeko gaztetxearen inguruan. Ondoko kaleetako bizilagun asko leiho eta balkoietara atera da eskuetan eltze eta lapikoak hartuta zarata ateraz. Gaztetxeko iturriek salatu dute polizien jarrera oso bortitza ari dela izaten; adibidez, neska bati bortxatu egingo dutela egin diote mehatxu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu