Agerikoak dira munduaren berotze globalaren ondorioak han eta hemen. Euskal Herrian ere ez dira falta horren frogak. Eta gaur Azti ikerketa zentroak eman du horietako beste bat: euskal itsasertzeko ur zutabearen tenperatura ia gradu erdi bat igo da 30 urtean. Neurketak 1986an hasi zen egiten Azti Pasaian, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza Zuzendaritzaren erabakiz, eta hilero joan dira osatzen datu serie historikoa, gaur arte. Hain zuzen ere, Bizkaiko Golkoko ur tenperatura eta gazitasuna neurtzen duen serie historikorik zaharrena da.
Aztik azpimarratu du datuek erakusten dutela uraren tenperaturak eta gazitasunak izan dituzten aldaketak, gainazaletik hondoraino. Pasaiatik hiru eta hamairu kilometrora dauden bi estaziotan egiten dituzte neurketak, 60 eta 110 metroko sakoneran.
Almudena Fontan Aztiko Itsas Ekosistemen Funtzionamenduetako adituak azpimarratu du klima aldaketaren testuinguruan "gero eta garrantzitsuagoa" dela ozeanoak epe luzera monitorizatzeko dauden programak mantentzea. "Monitarizazio programa horiek ozeanoko klimaren aldakortasuna zehatz-mehatz aztertu eta neurtzeko dauden bitarteko bakarrak dira, egiaztatzeko ez-ohiko aldaketak gertatzen diren eta erabakitzeko ea aldaketa horien jatorria naturala den edo gizakiak eragindakoa".
Aztiko adituen ustez, tenperaturaz eta gazitasunaz gain, halako neurketen eta datuen bidez, beste aldagai batzuk ere aztertu daitezke: esate baterako, argi transmisioa, disolbatutako oxigeno edukia eta klorofila kontzentrazioa, gainazaletik hondoraino.
Munduko itsasoen berotze globalaz ohartarazpen bat baino gehiago eman dituzte munduko zientzialari ezberdinek. Txinako Zientzietako Akademiako Fisika Atmosferikoko Institutuak aurten iragarri du 2017an neurtu zituela mundu osoko ozeanoen tenperaturarik beroenak. Edonola ere, Txinako zientzialariek ohartarazi zuten Ozeano Atlantikoa eta hego hemisferioko ozeano ezberdinek nozitu dute horren eragina modu nabarmenago batean.