Euskal lurraldeen geroari buruzko gogoeta egiten ari dira gaurtik ostiralera bitartean Donostiako Miramar jauregian, EHUk eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako ikastaroan. Besteak beste, Eusko Ikaskuntza lantzen ari den Liburu Berdeari ekarpena egingo diote udako ikastaroetan bildutako edukiek, eta espero da azaro ingururako argitaratzea behin betiko edukia.
Galdera batetik abiatuta ari da lantzen Eusko Ikaskuntza Liburu Berdea, Beatriz Akizuk azaldu duenez: "Zeintzuk dira euskal gizarteak gaur egun dituen premiak? Zeri heldu behar dio EIk?". Hain justu, "lurraldetasunaren inguran eztabaida partekatuta eta egituratua bideratzeko oinarriak eskaintzea". Ondoren, "Liburu berdetik (diagnostikotik) proposamenetara (liburu zurira)" igaro nahi dute, Mario Zubiaga ikastaroko zuzendariak adierazi duenez.
Ondorengo hitzaldietan, Jule Goikoetxea EHUko irakasleak "fluxuak" izan ditu hizpide: "Muga geografiko eta estatalez gain, fluxuak ere mugak dira (kapital fluxuak, informazioa…) muga berriak sortzen dituzte, baina baita zaharrak desegin ere". Zelai Nikolas Eusko Jaurlaritzako legelariak, berriz, autogobernuaz jardun du, eta XXI. mendean erabakitzeko eskubidea defendatzeko arrazoiez: "Demokrazian sakontzeko tresna da, bizi baldintzak garatzeko, XXI. mendean nortasuna garatzeko, erabakitzeko kultura eta gaitasuna garatzeko".
Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak prozesu eratzaileak aztertu ditu, horien definiziotik hasita: "Komunitate politiko batek bere burua ispiluan begiratzen du, eta pentsatu: nola egingo diogu aurre etorkizunari? zer aldatu behar dugu?". Zehaztu du, prozesu eratzaile kontzeptuan, ez direla nahastu behar hark deskribatutakoa eta konstituzio bat idaztekoa, harremana badute ere.
Kohesioa eta identitatea izango dituzte mintzagai ostegunean, eta lurraldearen eremu fisikoa eta garapena ostiralean.