Euskal mihiei kilimak egiteko prest dira

Amurrioko ikastolak ospatuko du Araba Euskaraz 2013an, 'Mihian kili-kili, euskaraz ibili' lelopean

Aresketa Ikastolako Onintze Guerra eta Aitor Garate eta Ikastolen Elkarteko Xabier Arrieta, atzo. RAUL BOGAJO / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ekitaldi bat amaitu, eta hurrengoa martxan jartzen da. 2013ko ekainaren 16an eginen dute hurrengo Araba Euskaraz, Amurrion, eta egun horretarako dena prest egoteko lanean hasi dira jada herriko Aresketa ikastolako kideak. Euskal mihiei kili-kili egiteko prest dira. Datorren urteko besta aurkezteko agerraldia egin zuten atzo, eta ekitaldi horren bidez abian jarri dute atzerako kontua. Helburua zein den argi dute: euskararen erabilera bultzatzea, eta, aldi berean, ikastolak egun dituen leku arazoak konpontzea. Kilimak baliatu nahi dituzte horretarako: kilimak, jendeak «euskararen poza» senti dezan.

Erabilerarekin lotura zuzena du Araba Euskaraz bestarako Amurrioko ikastolako kideek aukeratu duten leloak: Mihian kili-kili, euskaraz ibili. «Erabileraren poza sorrarazi nahi dugu», berretsi dute. «Azken ikerketek diote Euskal Herrian gora egin duela euskararen ezagutzak, baina ez dela gauza bera gertatzen erabilerarekin; ez, behintzat, erritmo berean. Aresketa ikastolak euskara erabiltzeko gonbita egin nahi die Amurrioko herriari, Araba osoari, Euskal Herriari, bai eta hemendik kanpokoei ere». Leloa irudi bilakatzeko, izartxoak baliatu dituzte Araba Euskaraz-eko antolatzaileek, eta ekainaren 16ko bestaren ikur bilakatu dituzte jada salgai dituzten elastikoetan eta gainerako jantzietan.

Toki nahikorik ez

Euskararen aldeko besta da Amurrioko ikastola prestatzen ari dena, baina zentroak berak dituen beharrei erantzuteko modu ere bilakatuko da bertako irakasleentzat eta gurasoentzat. 24 umerekin jarri zen ikastola martxan, duela 35 urte, eta 528 ditu gaur egun. 2 eta 16 urte bitartekoak dira ikasleak. Denentzako toki nahikorik ez du zentroak gaur egun. «Datorren urtean ezin izango dugu gela gehiago kokatu gure egoitzan», ohartarazi dute ikastolako arduradunek.

Egoera horri aurre egin ahal izateko, bi konponbide jarri dituzte mahai gainean: batetik, Haur Hezkuntzako ikasleentzat egoitza propioa eraikitzea; bertzetik, gutxienez bi gela berri sortzea, 2005eko Araba Euskaraz bestari esker eraiki zuten estalpean.

Ikastolako kideen ustez, lehendabiziko aukera da onena. Hau da, Haur Hezkuntzarako eraikina egitea. Lehen ere egoitza propioa zuten ziklo horretako neska-mutilek. Elurrak eragindako arazoen ondorioz, ordea, egoitza hori utzi behar izan zuten duela zenbait urte; gaur egun, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin batera dira Haur Hezkuntzakoak. Egoera horrek eragin ditu zentroak orain dituen toki arazoak, hain zuzen ere.

Arazoa modu batera edo bertzera konpontzeko, dirua behar dute Aresketa ikastolako partaideek, eta diru hori biltzea izanen da Araba Euskaraz bestaren helburu nagusia, datorren ekainaren 16an.

Amurrioko Aresketa ikastolako kideek esperientzia badute Araba Euskaraz antolatzen. 1986. urtean egin zuten besta lehendabizikoz, eta bigarrenez handik hamar urtera, 1996. urtean. 2005ekoa azkenekoa izan zen, datorren ekainaren 16koaren aurretik.

Ikastolak ez du bide erraza izan, Aresketako kideek gogora ekarri dutenez. Egungo egoitza amets zen, adibidez, ikastola martxan jarri zuten 24 ikasleentzat, hasiera hartan Mendiko Lagunak elkarteak utzitako etxe bat bilakatu baitzen haientzako eskola. Udalak hilerrian jarritako eraikin prefabrikatuetan ere hartu zuten aterpe, bolada batez, Aresketako ikasleek, bai eta Lanbide Heziketako institutuak erabiltzen zuen tailer zaharraren egoitzan ere.

Egun, egoitza propioa eta 47 langile ditu Aresketa ikastolak. Amurriokoak bertakoak dira ikasle gehienak, baina badira inguruko herrietakoak ere. Denek parte hartuko dute ekainaren 16ko besta prestatzeko lanetan. Euskararen eta haien ikastolaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.