Euskal nortasuna balio erantsi gisa

Nazio nortasuna eta erabakitzeko eskubidea dira garapen iraunkorraren ardatzak, Ibarretxeren arabera

Juan Jose Ibarretxe, Donostian, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Euskal nortasuna defendatzea ez da soilik euskal nazioa defendatzea. Nazio nortasuna defendatzea ongizatea defendatzea da, giza garapen iraunkorraren alde egitea». Hala mintzatu zen atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiaren bosgarren urteurrenaren karietara Donostian eginiko hitzaldi batean. Nazio nortasuna eta erabakitzeko eskubidea aurkeztu zituen garapen iraunkorraren ardatz gisa. «Elkarlanean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta egingo diogu aurre krisialdiari».

Ibarretxeren arabera, hazkundea zoriontasunarekin lotzen zuen paradigmak porrot egin du. «Ipar orratzik gabe sartu gara mende honetan; beste balio batzuk globalizatu behar dira», adierazi zuen Amin Maalouf idazlearen hitzak gogora ekarriz. Lehendakari ohiaren aburuz, paradigma berria lau zutabeotan oinarritu beharko litzateke: nortasuna, berdintasuna, berrikuntza eta parte-hartzea. Eta uste du euskal autogobernuak eredu hori posible egin duela. «Ezin gara soilik produktibitatean oinarritu. Parte-hartzeak demokratikoa izan behar du. Informazioa, erabakietan parte hartzea: hori da gakoa». Horren harira, autogobernu gehiago beharrezkoa dela aldarrikatu zuen.

Naziotasuna, «positiboan»

«Arerioak burutik kentzeko» eskatu zien han bildutakoei —Markel Olano, Rafa Diez eta Tasio Erkizia, tartean—, «eta positiboan eraikitako» mugimendu nazional bat behar dela defendatu zuen. «Herri bat garela defendatu behar dugu, etxean eta kanpoan, ez bestea ukatuz, sarean eta elkarkidetzan baizik. Hori da pentsamendu politiko modernoa, abangoardia. Herri gisa hasi eta garapen iraunkorra bermatuko diguna». Itxaropentsu azaldu zen Ibarretxe. «Nortasun nazionala da garapenaren gakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.