EUSKAL PRESOAK. Gotzon Landetari azken agurra eman diote Amurrion

Herenegun hil zen, minbiziz, EHNA eskuan Euskal Herrira itzuli zen euskal iheslari ohia

Erredakzioa
2005eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Omenaldi xume eta hunkigarria egin zuten atzo Amurrioko hilerrian, Gotzon Landeta iheslari ohiari azken agurra emateko. Herenegun hil zen Landeta, Gurutzetako ospitalean, minbiziak jota. 22 urte egin zituen ihesean eta 2003ko ekainean, EHNA eskutan itzuli zen jaioterrira, Amurriora. 300 bat herritar hurbildu ziren atzokoan Amurrioko hilerrira, Landeta omentzera.

Laudioko beilatokira gerturatu ziren lehenik herritarrak, eta auto karabana abiatu zuten handik Amurrioko hilerriraino. Ipar Euskal Herritik iritsitako lagunak asko izan ziren; han eman zituen urte asko Landetak. Urtetan, Sokoa enpresan langile batzordeko kide gisa eta Piarres Larzabal ikastetxeko diruzain aritu zen. Erein ta Bil elkarteko lehendakari ere izan zen garai batean. Hain zuzen, bere lankide izandakoek hitza hartu nahi izan zuten atzoko omenaldian. Irakaskuntza alorrean eginiko lana eta errefuxiatu zenean agertutako «jarrera integratzailea» nabarmendu zuten gehienbat. Hego Euskal Herrian EHNArekin bizi diren errefuxiatu ohiak ere gerturatu ziren omenaldira. Landeta haien «iparrorratz» izan dela adierazi zuten. «Gutxinaka, EHNA erabiliz eta garaipen txikien bidez», egunerokoan Euskal Herria eraikitzeko beharra azpimarratu zuten. «Gotzon bidean gelditu arren, Euskal Herriko zeruan piztuko den izar horrek gidatuko gaitu», esan zuten. Omenaldian agurra dantzatu zioten Landetari, eta Eusko Gudariak eta Internazionala abestu zituzten bertan bildutakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.