Hartu berri du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari kargua Jesus Loza PSE-EEko kideak, eta euskal presoak "progresiboki eta indibidualki gerturatzearen" alde agertu da ekitaldian egindako adierazpenetan. Haren ustez, ETA desegin ondoren, "beharrezkoa da espetxe politika birforlumatzea", horri "bizikidetzarako lagungarri" litzatekeelakoan.
Gasteizen hartu du kargua, gobernuaren ordezkaritzaren egoitzan. Han izan dira, besteak beste, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eleduna. Erkidegoko instituzioekin "lankidetza" erdietsi nahi duela esan du Lozak, baita Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko akordioak erraztea ere, "autogobernuaren garapena" laguntzearren.
ETAren biktimak kontuan hartuko dituela adierazi du, eta uste du euskal gizartean oraindik ere "gorrotoaren" zantzuak daudela. Hala, deitoratu egin du Sortu isilik egon izana Fernando Buesaren hilketarekin nahastuta legokeen euskal preso baten "omenaldiaz". "Terrorismoaren deslegitimazio etikoa, soziala eta politikoa behar da".
"Entzuteko eta elkarrizketarako" borondatea daukala azaldu du. "Itunaren kulturako" kidetzat jo du bere burua.
Espainiako gobernu aldaketa gertatu ondotik, Javier de Andres PPko kidea ordezkatu du karguan.
"Lehenbailehen" gauzatzeko eskaera egin du Sarek
Sare herritar plataformak "zuhurtziaz" hartu ditu Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak, baina aitortu du "positiboak" direla. Aldaketa "lehenbailehen" gauzatzeko eskatu du, Gasteizen egindako agerraldi batean, eta ardura eskatu die denei. "Orain eta gaur asmatzea denok dugun betebeharra da".
Aldaketa presoen urrunketa haustera ez mugatzeko galdegin du, eta presoak euskal kartzeletara ekartzea nahi du —ez du gustuko presoak 250 kilometroko perimotrora hurbiltzeko Jaurlaritzak duen proposamena—. Halaber, larri dauden presoak askatzeko, gradu progresioa emateko, "salbuespen" legedia indargabetzeko, zigorren kontaketa egiteko eta eskumenak igortzeko –espetxeetakoa eta espetxe zaintzakoa— ere eskatu du.
"Kartzela eremuari dagokionez, Espetxe Instituzioko zuzendari nagusi berriaren eta Justizia arduradun berriaren esku dago giza eskubideen inguruko paradigma berritzailea gauzatzea". Euskal Herrian lan bateratua egitea nahi du Sarek.
Orain presoak dinamikaren barruan, bizikleta martxa bat antolatu du uztailaren 20tik 23ra: Mont-de-Marsan espetxetik (Okzitania) Zaballakora (Gasteiz).