Euskal presoek Frantziako espetxeetan duten egora salatu dute MattinTroitiño y Ane Miren Ganboa Etxerat-eko kideek. Dijon, Poitiers eta Villepinte herrietako espetxeetan hainbat "gertaera larri" izan direla jakinarazi dute, hala nola etengabeko bakartzeak eta bisitak normal jasotzeko eragozpenak.
Gaixo dauden presoen egoera "are zailagoa" dela esan dute. Gaixo dauden presoen artean Txus Martin dago, "osasun egoera larriena duen presoa". Zaballako espetxean dago, Araban, eta, Joseba anaiak gaur kontatu duenez, haren egoera okertu egin da. Jaione Garmendiak kontatu du Oihana ahizpa Dijongo espetxean (Frantzia) dagoela eta bisitak 45 minutura laburtu dizkietela, horietara joateko 1.100 kilometro egin behar badituzte ere.
Etxerat-ek gogorarazi du 110.000 lagun manifestatu zirela Bilbon urtarrilaren 7an euskal presoen eskubideen alde, baina Frantziako eta Espainiako Gobernuek "entzungor" egiten diotela gizartearen deiadarrari, eta presoen eskubideak urratzen jarraitzen dutela.
Espainiako legediaren arabera etxean behar luketen 250 preso aske uzteko eskatu dio gaur Etxerat-ek Mariano Raxoi Espainiako presidenteari. Horietatik 73k zigorra betea dutela salatu dute, 150ek hiru laurden edo bi heren dituztela beteak, eta gainontzekoak "larri" daudela eta zainketa berezia behar dutela.
Euskal presoen eskubideak errespetatzea eta sabanaketa amaitzea galdegin diote Raxoiri bozeramaileek, eta presoen auzia alderdien interesetan ez erabiltzea.
PP, "pausorik ez ematen" saiatzen
Troitiñok jakinarazi du espetxeetan ez dela ezer aldatu PPk Espainian agintea hartu duenetik. Gaineratu du Espainiako zenbait espetxetan presoak modulutan sakabanatu dituztela eta PP orain "pausorik ez ematen" saiatzen ari dela. "Gure egoera zaila ikusirik, ezin da interes politikorik egon senideoi dagozkigun eskubideetan, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen diegu presoen eskubideen alde pausoak emateko", esan du Troitiñok.