Beste urte batez, Euskal Herriko hondartzak bete nahi ditu Etxerat elkarteak, euskal presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren aurka egiteko. Elkarteak gogorarazi du uda "opor eta hondartza garaia" dela askorentzat; presoen senide eta lagunentzat, ordea, "bidai eta bisita garaia" da.
Etxerat-ek salatu du sakabanaketak indarrean jarraitzen duela —25 urte bete ditu aurten—, eta larriki gaixo dauden presoak ez dituztela aske uzten. Gaineratu duenez, senide eta lagunen aurkako jazarpena "gero eta handiagoa" da.
Horregatik, sakabanaketa amai dadin, "herritar guzti-guztiei" biharko deitutako elkarretaratzeetara batzeko deia egin die. Gainera, deialdiekin bat egiten dutenei Twitter bidez argazki bat bidaltzeko ere eskatu die elkarteak.
Elkarretaratzeak egingo dituzte Orion, Donostian, Deban, Donibane Lohizunen, Hendaian, Ean, Bakion, Lekeition, Muskizen, Plentzian, Mundakan eta Ondarroan.