Egin Dezagun Bidea euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak azaldu du «aurrerantzean» hainbat sektoreren, eragileren eta profesionalen babesa lortzen saiatuko direla euskal presoen eskubideen alde lan egiteko. Izan ere, adierazi dute hainbat profesional eta eragile «bete-betean inplikatu» zirela ekimenarekin joan den larunbatean Donostian eginiko manifestazioaren bitartez.
Egin Dezagun Bidearen iritziz, Donostiako manifestazioa «arrakastatsua» izan zen, eta milaka eta milaka herritarrek aldarrikatu zuten «espetxe politika ankerrak» bukatu egin behar duela. Horrek erakusten du, mugimenduaren esanetan, «eskubide guztien errespetua ardatz duen aro berri bat» zabaldu nahi duela euskal jendarteak. Hori hala, egun indarrean dagoen espetxe politikak ez duela «inolako lekurik» ere esan dute, eta «errepresio eta erabilpen irizpideetatik konponbide demokratiko baten klabeetara» pasa behar duela. Hori, gainera, egin beharreko «aldaketa» dela gaineratu dute.
Era berean, «sakabanaketak, bizi osorako zigorra aplikatzea ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina, euskal preso gaixo larriak espetxean mantentzea, isolamendua, bakartze egoerak edo espetxe barruan ematen diren beste eraso eta eskubide urraketa andanak» berehala amaitu behar dutela azaldu du ekimenak.
Nolanahi ere, esan dute «aurrera begirako» uneadela oraingoa, eta, hortaz, euskal jendartearen «nahia eta konpromisoa azken muturrera eramateko garaia» dela. Horretarako, gaineratu dute «sektore guztien inplikazioa eta parte-hartzea» baliatuko dutela herriz herri antolatuz eta sektore horien «kolaborazioa» bultzatuz.
«Herri mobilizazio orokorra»
Bestalde, euskal presoen eskubideen alde «herri mobilizazio orokorra» antolatzen ari dela adierazi du mugimenduak datorren urtarrilerako. «Sekula Euskal Herrian egin den mobilizazio erraldoienetakoa» egin nahi dutela esan dute; era horretan, beren esku dauden «ate guztiak» joko dituztela, eta ahalik eta esparru gehien astinduko dituztela euskal presoen eskubideen defentsan «milaka eta milaka herritar aktibatzeko».
Euskal presoen eskubideen alde lan egiteko babes bila
Egin Dezagun Bideak dio «eskubideen errespetuan oinarritzen den aro berri bat» nahi duela euskal gizarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu