Euskal presoak

Euskal presoen eskubideen aldeko adostasuna "eraginkor" bihurtzea izango du xede Herrira-k

Mugimenduak bere lana “areagotuko” du Europan, Bruselara joanda eta hango erakunde eta eragileei eskatzeko euskal presoen eskubideen errespetua bermatzeko. Halaber, tokian tokiko mobilizazioak antolatu ditu martxoaren 20rako eta maiatzaren 18rako.

jokin sagarzazu
2013ko urtarrilaren 29a
14:10
Entzun

Euskal presoen eskubideen aldeko “gehiengo soziala” antolatu eta eraginkor bihurtzea izango du xede Herrira mugimenduak 2013an. Hori da larunbatean Irunen eginiko lehen Bilgune Nazionalean onartutako txostenaren puntu garrantzitsuenetariko bat, Herrira-ko kideek gaur Donostiako Alderdi Eder parkean eginiko agerraldi batean nabarmendu dutenez.

Nagore Garcia bozeramaileak adierazi du prozesu hori ekinaldi “bateratu, zabal eta pluralen” bidez gauzatu nahi dutela eta prest daudela “malgutasunez adosteko” abiapuntua, helburuak eta mobilizatzeko moduak, “bai herritarrekin baita eragile politiko, sindikal eta sozial guztiekin ere”. “Gobernuak espetxe politikaren arloko blokeoari eusten saiatuko dira, eta, horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu presioa areagotzea, bai Euskal Herrian bai nazioartean”, gaineratu du Garciak.

Horren harira, Herrira-ko kideak jakinarazi du datozen hilabeteetan bi ekinaldi “garrantzitsu” jarriko dituztela martxan. Batetik, Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina edo Parot doktrinari buruz martxoaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak egingo duen bilerari begira, Herrira-k bere lana “areagotuko” du Europan, Bruselara joanda eta hango erakunde eta eragileei eskatzeko euskal presoen eskubideen errespetua bermatzeko. Halaber, 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eskatuz, martxoaren 20rako mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herri osoan.

Maiatzaren 18an zazpi herrialdeetako Herrira-ren 230 bilguneek tokian tokiko mobilizazioak egingo dituzte, urtarrilaren 12an Bilbon eginiko manifestazioren “espiritua” zabaltzeko. “Orain, gure helburua adostasun hori hedatzea da, herriz herri, auzoz auzo, eta ikusgai jartzea parte hartzean oinarritutako dinamika zabalen bitartez”.

Urte gazi-gozoa

2012ari buruzko irakurketa ere egin du Herrira-k. Euskal presoen eskubideen alorrean urte “gazi-gozoa” izan dela adierazi du Garciak. Alor horretan aurrerapausorik ez dela izan adierazi du, eta ohartarazi du eskubideen urraketa “larriagotu” egin dela. Hala ere, presoen auzia eztabaida politikoaren “gai nagusietako bat” izatea lortu dutela nabarmendu du, eta Espainiako eta Frantziako gobernuen “immobilismoaren” aurrean “presio soziala” indartu egin dela.

“Euskal gizartearen gehiengo zabala bat dator salbuespen neurri horiek berandu baino lehen gainditzeko beharrarekin. Egia da, ordea, adostasun zabal hori antolatu gabe dagoela eta, besterik gabe, ez dela aski PPk inposatzen duen blokeoa hausteko”, azpimarratu du Garciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.