Euskal presoen gertukoek beste auto istripu bat izan dute, asteburuko hirugarrena

Iñaki Arakama Valdemoroko kartzelara bisitatzera zihoazen lau senidek eduki dute ezbeharra. Laurak ondo dauden arren, autoak kalte handiak izan ditu. Etxeratek sakabanaketa politika bukatzeko exijitu du.

2012ko apirilaren 30a
19:56
Entzun

Iñaki Arakama euskal presoaren lau senidek errepide istripua izan dute hura Valdemoroko (Espainia) kartzelara bisitatzera zihoazela, Etxerat elkarteak arratsaldean jakinarazi duenez. Laurak ondo dauden arren, autoak kalte handiak izan ditu. 

Atzo izan zen ezbeharra, goizeko bederatzietan, San Martin de la Vega parean; bidegurutze batean autoaren kontrola galdu eta errepideko erdibitzailearen aurka jo zuten. Kotxea han utzi behar izan dute, eta alokairuko batekin egin behar izan zuten espetxerako bidaia, baita bueltakoa ere.

Euskal presoen senide edo lagunek asteburuan beste bi errepide istripu izan dituzte. Larunbatean Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont presoen lagun batek eta senide batek izan zuten ezbeharra, Granadako (Espainia) espetxetik bueltan zetozela; ez zuten lesio fisikorik izan, baina autoak kalte handiak izan zituen. Atzo, berriz, Oscar Calabozo, Gorka Vidal eta Iñaki Alonso presoen gertuko hiru lagunek izan zuten istripua, Cordobako (Espainia) espetxetik bueltan zirela; hirurek zauriak izan zituzten eta lepokoak eraman behar dituzte.

Etxeratek salatu duenez, sakabanaketa politikak eragindako istripuak dira horiek. "Sakabanaketak dirauen 23 urteotan hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta ehunka izan dira pairatu behar izan ditugun istripuak. Zenbatu ezinak izan dira senide eta lagunok pairatu ditugun kalte fisiko, psikologiko eta ekonomikoak". Politika hori bukatzeko exijitu du elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.