Euskal presoen sakabanatzea gaitzetsi du Jean Grenetek
Euskal preso politikoen sakabanatzea eta bakartzea gaitzetsi zuen atzo Jean Grenet euskal diputatuak, Frantziako Parlamentuan. Senideak ikusteko presoak duen «eskubidea» aipaturik, haien familietarik hurbiltzeko beharra azaldu zuen. ETAk jarduera armatua amaitu duela-eta, urrats horrek «trantsizioa» erraztu lezakeela uste du. «Keinu horren bidez, presoei ulertarazten diegu orria itzultzen ari dela», adierazi zuen. Grenetek dio «lasaitze keinu azkar bat» litzatekeela orokorki bakea eraiki nahi duten guztiei begira. Horrez gain, sakabanatzeak daukan «kostu humano eta materiala» ikusirik, familientzako eta senideentzat «zigor bikoitza» dakarrela salatu zuen. Azkenik, Aurore Martinen aurkako euroagindua bertan behera uzteko exijitu zuen. «Gure herriko justizia ohoratua litzateke, estradizio prozedurabatzuk behin betikoz geldituko balira», diputatuaren hitzetan. Presoa senideetarik hurbilena den kartzelan izateko eskubidea ekar lezakeen lege moldaketari buruzko eztabaidan egin zituen adierazpen horiek. Moldaketa gaur edo bihar bozkatu behar lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu