Unibertsitatea

Euskal Unibertsitate Sistemaren lege berria eskatuz inauguratu du Goirizelaiak EHUren ikasturtea

Urteotan EHUk lortutakoak gogoratu ditu, eta gizartearen ordezkariei hainbat eskakizun egin dizkie: besteak beste, ikerketa, garapen eta berrikuntza inbertsioa eta unibertsitate ikerketari BPGan dagokion pisua handitzeko.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 12a
07:34
Entzun

"Alai noa. Soseguz joan nahi dut. Patroi postua utzita, marinel bihurtuz. Lasai". Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak hitz horiekin bukatu du 2016-2017ko ikasturteari hasiera emateko hitzaldia. Unibertsitatearen buru izan den zortzi urteetan bidelagun izan dituenei eskerrak eman nahi izan dizkie, abenduko hauteskundeen ostean irakasle lanetara itzuliko baita.

Parean eserita zeuzkan agintari politikoei eskaera zehatzak egin dizkie. Batez ere Euskal Unibertsitate Sistemaren lege berri baten premiaz ohartarazi du. Eta autokritika egiteko aprobetxatu du: "Egia da gaurko marko legalak oso aukera gutxi ematen diola unibertsitateari kudeaketa akademiko desberdina egiteko, baina batzuetan ez dugu asmatu ematen dituen aukera horiek modu egokian erabiltzen".

Lege berri horren bitartez irakasle eta ikerlarien irudi berri bat sortu behar dela iruditzen zaio, lan kontratudunak eta funtzionarioak izateaz haratago. Merituetan oinarritutako ordainsari duinari buruzko politika berria ere eskatu du. Gizarte Kontseiluaren sakoneko aldaketa proposatu du. Epe ertainerako finantzaketa bermatzeak duen garrantzia azpimarratu du, kudeaketarako malgutasun handiagoa izango lukeena.

EHUren lorpenak errepasatu ditu Goirizelaiak: urteotan zenbatean hazi diren ikerketak, tesiak, bekak edo euskaraz ikasketak egiten dituzten ikasleak. Unibertsitate publikoak gizarteari egiten dion ekarpena ere azpimarratu du. Eta unibertsitate ikasle gehiegi daudela diotenei erantzun die: "Zenbakiek ez diote hori. Gurean ikasketak bukatu dituztenen okupazioa hazi egin da. 2007ko mailetara iritsi gara". Goirizelaiaren ustetan, unibertsitateak etorkizuneko enplegurako prestakuntza baino gehiago eskaini behar die ikasleei; "balio unibertsaletan oinarritutako heziketa". Dena den, enplegua sortzeko proposamen bat ere egin die agintariei: ikerketa, berrikuntza eta garapenean egiten den inbertsioa eta unibertsitate ikerketari BPGan dagokion pisua handitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.