Joan den mendeko 70eko hamarkadatik hamaika ahalegin egin dira Euskal Unibertsitatea sortzeko. Hain zuzen ere, helburu hori lortzeko urratsak emate aldera sortu zuten 1973an UEU Udako Euskal Unibertsitatea bera ere. Gaur arte, ordea, ahalegin horietako bat bera ez da mamitu.
Horregatik, gaur aurkeztu dutena "behin betiko ahalegina" izango dela agertu dute Euskal Unibertsitatearen Aldeko Fundazioko ordezkariek. Zehazki, UEUren ingurura beste zenbait erakunde bildu dira, eta guztien artean fundazioa sortu dute "Euskal Unibertsitatea sortzeko".
Hainbatentzat aspaldiko amets den Euskal Unibertsitate horren xedea zein den ere zehaztu dute: goi mailako irakaskuntza eta ikerketa esparruan euskarazko irakaskuntza, ikerketa eta kultura bultzatzea. Oraingoz orain, AEK, EKT (BERRIA argitaratzen duen Euskarazko Komunikazio Taldea), Elkar Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Ipar Hegoa Fundazioa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Nazio Eztabaidagunea dira fundazioko partaide. Hala ere, elkartea zabalik dagoela eta helburu horiekin bat egin nahi duten beste erakunde batzuk hartzeko prest direla nabarmendu dute. Hain zuzen ere, Euskal Unibertsitatea sortzeko prozesua herritarren partaidetza oinarritzea nahi dutela agertu dute.
Nolanahi ere, fundazioa sortze lehen urratsetako bat besterik ez da. Esate baterako, proiektu akademikoari dagokionez, 2006an idatzi bazuten ere, orain zorrozte eta doitze prozesu batean da UEU, eta urte amaieran aurkeztuko dituzte eskainiko dituzten titulazioak.
Behin lan hori burututakoan behin betiko txostena Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera igorriko dute, azter dezaten eta Eusko Legebiltzarrera bidali dezaten. Legebiltzarrak onetsitakoan berarariazko legea egin beharko da Euskal Unibertsitatea sortzeko.
Dena den, zenbait gauza zehaztuta dituzte, besteak beste, campus nagusia Tolosan (Gipuzkoa) izango duela. Euskal Unibertsitatea Euskal Herri osokoa izatea nahi dutenez, beste herrialde batzuetan ere aurreikusten dituzte egoitzak, zehazki, Nafarroan kokagune bat izateko aukera nahiko sendotuta dagoela iragarri dute.
Hezkuntza
Euskal Unibertsitatea eratzeko fundazio bat sortu dute
UEU, AEK, EKT, Elkar Fundazioa, Ikastolen Elkartea, Ipar Hegoa Fundazioa, Kontseilua eta Nazio Eztabaidagunea dira, oraingoz, kideak. Goi mailako irakaskuntzan eta ikerketan euskarazko irakaskuntza eta euskal kultura sustatzea dute xede. Urte amaieran plazaratuko dute zein den beren eskaintza akademikoa. Tolosan (Gipuzkoa) izango du campus nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu