"Euskal Y-a Europa osoari konektatuta jarriko da martxan, eta ez isolatuta", ziurtatu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak. Oregiren hitzetan, AHTa "lehentasunezko gaia" da Eusko Jaurlaritzarentzat, euren ustez Gasteiz, Bilbo eta Donostia hirien arteko loturak hobeak izango direlako eta Europako trenbide sareko zabalera berera lotuta egongo direlako.
Oregik aitortu duenez, "hobe litzateke tren ibilbidearen tarte guztietako obrek abiadura berean aurrera egingo balute", baina horietako zenbait beranduago bukatzeak edo izan behar lituzkeen zerbitzu guztiak hasieratik ez izateak ez du esan nahi horietatik trena pasa ezin denik, Oregiren ustez: AHTa "mantsoago" ibiltzea litzateke horien ondorio bakarra.
Burgosera (Espainia) bitartean trenek orduko 300 kilometroko abiadura har dezakete, Oregiren arabera, baina handik Gasteizera bada 80 kilometroko tarte bat, non ministerioak "orain arteko planekin" jarraitzen badu, trenek orduko 200 kilometroko abiadura harrapatuko duten: "Ez du abiadura handia harrapatuko, baina zerbitzu onak emango ditu". Gasteiz Bilbo eta Donostiarekin lotzen duen tarteetan ere "ez da abiadura gorenera iritsiko: orduko 250 kilometroan ibiliko dira". Bi arrazoi leudeke horren atzean: salgai trenen zirkulazioa ahalbidetzea eta orografia. Gipuzkoatik Bordelerako tartea Frantziako gainontzeko trenbide sarean bezala zirkulatuko du AHTak, "baina ez abiadura handian", zehaztu du Oregik. Beraz, "abiadura gorena" lortu ez arren, "Euskal Y-a ez da isolatuta egongo".
Elkarrizketa horretan bertan baieztatu duenez, Bilboko metroaren hirugarren linea ere bada Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat, eta, adierazi duenez, Bizkaiko Diputazioarekin hitzarmena sinatzeko lanetan ari dira. Helburua "ahalik eta laisterren" amaitzea litzateke, eta baieztatu du 2016rako bukatuta egongo den itxaropena daukala.